Aurtengo jaietan herriko elkarteen parte hartzea bultzatu gura du Udalak

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko mai. 28a, 16:37
Gero eta hurbilago ditugu Elgetako jaiak. Udalak gertu dauka egitaraua nahiz eta oraindik zenbait gauza lotzeke egon. Herri Eguna, zapatua, bultzatu nahi du Jai Batzordeak aurten. Herriko elkarteen parte hartzea ere nabaria izango da.

Ahalegin berezia egingo du aurten Jai Batzordeak jaietan herriko elkarteen parte hartzea bultzatzeko. Herri Egunerako baserritarrez janzteko deia egin diete herritarrei. Koadrilen hamaiketakoa egingo dute asto karreraren aurretik eta erromeria ipiniko dute plazan bazkalostean. "Gauean giro polita egoten da herrian, baina egunez ere festa giroa egotea bultzatu nahi dugu", adierazi du Oxel Erostarbe alkateak.

Elkarteen parte hartzea

Jaietako hainbat zereginetan inplikatu dira aurten herriko elkarteak. Ozkarbi elkarteak, esaterako, salda emango du bariku eguerdian. Gauza bera egingo dute Intxortakoek zapatu eguerdian. Herri Eguneko paella Goibeko euskara elkartekoek banatuko dute eta kafea, berriz, Erretiratuen elkarteko kideek. Gaztetxekoek, urtero moduan, kontzertuak antolatuko dituzte.

Berrikuntzak

Aurreko urteekin alderatuta Ferixa Egunean ez da aldaketarik emango. Bai, ordea, aurreko hiru egunetan. Pilota partiduak, esaterako, bariku iluntzean egingo dira. Ordua zehazteke dago oraindik. Umeendako jokoak egiteko galiar herrixka baten itxura hartuko du Herriko plazak. Puzgarriak, berriz, goizean ezezik arratsaldean ere egongo dira.
    Salbador kaleko lanak erritmo onean doaz, baina oraindik goizegi da jaietarako amaituta egongo diren ala ez jakiteko. Arrazoi horrengatik urtero kale horretan egiten diren sokamuturra saioak Herriko plaza inguruan egitea aztertzen ari da Udala.

Egitaraua ekaina erdialderako

Jai batzordeko kideek egitekoa duten azken bilerara gonbidatu dituzte herritarrak. Egitaraua ia gertu dute, detaile txiki batzuk besterik ez dira gelditzen lotzeko. Programa ekaina erdialdera banatuko dute etxez etxe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak