Lan handiak egin behar izan ditu 22 urteko Imanol Albizu harakinak Salbador kaleko lokala harategi bihurtzeko. Lanak, baina, amaituta daude eta harategia zabalik. Arduratuta, baina ilusioz beteta dagoela esan digu. Oxel Erostarbe alkatearen Plaza barrenian blogean irakurri dugu orain elgetarron ardura dela “behar den moduko erantzuna ematea”. Harategi ofizial barik gaude Elgetan 2007ko uztailaren 28az geroztik.
Beste bi komertzio zabaltzear
Dayami Varo hasia da lokala egokitzeko lanekin denda berria zabaltzeko. Hala, bi denda izango genituzke herrian, eta Beatriz Bouzasek Andra Mari plazan duena ez litzateke bakarra izango. Bestetik, jakina da Beltxonguan fruta denda zabaltzeko asmoarekin dagoela beste mutil bat. “Zentro komertziala herrian bertan (…) ezin dugu kale egin”, adierazi du alkateak.