Emakumearen Nazioarteko Eguna dela-eta argazki erakusketa ipini du udal ongizate sailak. Herritarrek emandako argazkiekin osatu dute erakusketa.
Pilota eta hitzaldia
Barikuan, 21:30, Kluben arteko euskal txapelketako finalak jokatuko dira. 23 urte azpikoen txapelketako finalak jokatuko dira. Bi norgehiagoka izango dira. Banakako finalean Usansoloko Gilek Baztango Otxandorena izango du aurrez aurre. Binakako partidan Azpeitiko Larrañaga eta Uztudunek Irurtzungo Idoate eta Etxeberriaren aurka jokatuko dute.
22:00etan, berriz, hitzaldia egingo dute gaztetxean. Elgetako gaztetxeak udal ongizate batzordearekin elkarlanean drogen kontsumoari buruz antolatutako hitzaldia izango da. Gaia ondo ezagutzen duen erizain batek egingo du hitzaldia 22:00etan hasita. Hitzaldian, gainera, drogen munduan eroritako hiru kideren bizipen pertsonalak bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da. Errehabilitatutako mutil batek bere esperientzia kontatuko du, baita errehabilitatzeko saiakeran urtebete daraman beste mutil batek ere. Bietako baten neskalagunak ere bizi izandakoaren berri emango du. Kokainaren eta anfetaminen kontsumoan murgilduta ibili diren bi mutil dira.
Zapatuan, azkenik, eta gaztetxearen 12. urteurrenarekin lotutako ekintzen barruan Umeen Eguna egingo dute. Goizez eta arratsaldez, 10:30etatik 17:30etara, ekintza ugari prestatu dituzte gaztetxoendako. Irteera bat, jokoak, tailerrak, bazkaria...