Ekaineko agenda beteta dator, izan ere ekitaldi bat izango dugu herrian asteburu oro.
Pilota eta frontenisa izan dira protagonista lehenengo asteburuan. Datorren aste bukaeran II. Motor jaia izango dugu motor klasikoen erakusketarekin, salmenta postuekin, kontzertuekin eta jolasekin, besteak beste.
Koadrilen Eguna
Ekainaren 20rako, Koadrilen eguna antolatu dute Jai batzordeak eta hainbat eragilek. Egun osoko jaia izango da. Goizean umeendako gaztelu puzgarriak egongo dira, gero bazkaria Herriko plazan bakoitzak etxetik eramandako janariarekin. Erdixka lauetan taldearekin dantzan egiteko aukera egongo da. Aurretik, eta Patxi Monteroren eskutik, korro dantzen ikastaroa egingo dute Espaloian ekainaren 17an, 18an eta 19an, 19:00etatik 21:00etara. Jauziak, Lantzeko zortzikoa, zirkulu zirkasiarra eta Chapelloise bikotekako korro dantzak eta Europa erdialdetik datorren Scottish bikote dantzak erakutsiko ditu.
San Juan sua
San Juan sua egiteko ohitura indartzeko sua, jolasak eta txitxiburduntzia antolatu dituzte San Juan bezperarako. Ludotekatik eta gaztelekutik sua egiteko trasteak batzeko deia egin dute.