Asteburu magikoa izan da oraingoa Elgetan, laugarrengoz

Miren Arregi Amasorrain 2008ko mai. 18a, 21:32
Asteburuan izan dira munduko magorik onenak IV. Magia Mostran, Elgetan. Zazpi magoek, aho bete hortz utzi dituzte ikuskizunaz gozatu gura izan duten ikusleak.

Argiak itzali eta pianoa musika liluragarri bat igortzen hasi zenean ohartu zen Elgetako Espaloia bete zuen ikuslegoa, magiaz beteriko ordu eta erdi baten atarian zegoela. Elgetako IV.Magia Mostrak, munduko magorik onenetarikoak ekarri ditu gurera aste bukaeran; zapatuan Granadatik etorritako Migue Magoak ikuskizun aparta eskaini zuen, magia musikatua eskainiz, edo beste modu batera esanda, magia, musikaren barrunbehetatik helaraziz. Migue magoak eskaini zuen ikuskizunaren izena, "karta-sorta eta pianorako kontzertua", eta ez zuen ez, inor axolagabe utzi. "Ikuskizun desberdina da, eta uste dut magia genero berri baten erreferente izango dela; arte dramagiko deitu diogu genero berri horri" adierazi zuen Migue magoak.

Esan bezala, magia eta musika uztartu zituzten ikuskizunean, baina ez zuen batak bestea baino garrantzia handiagoa, izan ere, bien arteko fusioaren ondorio zen emanaldia. Pianoaren garrantzia zentzu honetan, izugarria zen; guztia ere, musika kontzertu bat bailitzan aurkeztu zuten.

Migue magoa, mago saritua

Katomagian izen handiko magoa da Migue magoa. Iazko III. Magia Mostran ikuslearen saria eskuratzeaz gain, 2003an, munduko kartomagia txapelketa irabazi zuen Holandan.

Mirariak, ikuslearen eskura

Karta bat zegoen tokian publikoko batek zoriz esandako karta atera, karta bat publikoaren begien aurrean apurtu eta ikuslegotik ateratako mutiko bolondresaren eskuan zegoela uste genuenean, hautsitako karta piano jotzailearen ahoan agertu arazi, edota soka batekin, batean bi zatitan, gero hirutan, ondoren soka bat bailitzan jokatu, besteak beste. Hainbat izan ziren Migue magoak ikuslea liluratzeko erabili zituen amarruak.

Ezin ukatu, Elgetako Espaloian magiarik izan ez zenik. Ikusleek euren begiekin ikusi zituzten hark egiten zituenak-eta. Baina, erromantikoak arrazoiaren lurraldera bueltatu araziz, magia ez dela existitzen, magia sortu behar dela gogoraraziko dugu. Nahiz eta, halako ikuskizunekin, jendeak bizi-poza, harridura eta ilusioa bezalako emozioak berreskuratzen dituen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak