Hilaren 12an, duela astebete pasatxo izan ziren Elgetan Sueskun anaiak. Tamaina handiko ordulariak konpontzen dituzte eta Elgetako kanpandorreko ordulariak matxuratuta hilabete zeramalako deitu zituen Udalak.
Denbora behar izan zuten, baina azkenean martxan ipini zuten ordularia. Kanpaiek astebete pasatxo daramate zintzo-zintzo ordu laurdenak, erdiak eta puntuak ematen.
"Ez duzue sinistuko, baina guk geuk ere ez dakigu zehatz-mehatz zer zeukan", adierazi du Pedro Suerkunek. "Bost urte dira ordulari hori berriztatu zela eta normala da arazo txiki batzuk ematen hastea. Ez genion matxura zehatzik antzeman eta dena desmuntatu, garbitu, ondo koipeztatu eta atzera ere muntatzea erabaki genuen. Antza, azterketa txiki bat besterik ez zuen behar zuen".
Ordularia egoera onean
Sueskun anaiek ordulariaren mantenuaz arduratzen diren udal langileen lana goraipatu dute.
"Esan beharra daukagu ordularia oso egoera onean aurkitu dugula", adierazi du Pedro Sueskunek. "Egia da oso ondo zigilatutako kutxa batean aurkitzen dela eta ez dela bertara batere hautsik sartzen, baina arduradunek zilarra bezain garbi daukate. Garbi eta neurrian koipeztatua". Anaia eta biek ezuste atsegina hartu zutela adierazi du. "Guk geuk zainduko bagenu ordularia ez zen egoera hobeagoan egongo, benetan!".