Badira pare bat hilabete Aste Santurako Elgetako hotela eta bi landetxeak beteta daudela. Aurtengoan ere Bartzelona aldetik etorriko zaizkigu bisitari gehien. Ez dira, ordea, bakarrak izango. Madrildik gero eta turista gehiago etortzen dira gurera eta aurtengoan Soria eta Bilbotik ere etorriko zaizkigu Aste Santuko bost egunetarako.
Ostalariak pozik
Barrenengua landetxean 8 gela dituzte eta aspalditik beteta dituztela esan digute. "Gurera Bartzelona eta Madrildik etorriko dira". Urtero betetzen ei da landetxea jai egun hauetarako eta jendea dagoeneko udako oporretarako galdezka hasita ei dago.
Eguzkitza landetxean 9 ohe dituzte eta hauek guztiak ere beteta daude. "Otsaila erdirako beteta neukan landetxea", esan digu bertako ugazabak. Eguzkitzara Bartzelona, Bilbo eta Soriatik etorriko dira. "Seinale ona da jendea etortzea", esan digute pozik.
Elgetako hotelak, orain, ugazaba berriak ditu. Liza Perrinet eta Paolo Fabrisendako hotelean lehenengo esperientzia izango da Aste Santu honetan. "Guretako froga moduan izango da. Hotela beteta dago aspalditik eta dena prest egotea nahi dugu jendea ondo artatzeko", esan digu Liza Perrinet-ek. Hotelera ere Bartzelonako turistak etorriko dira gehien bat.
Elgeta ondo kokatuta
Elgetara etortzen diren turistak lasaitasun bila etortzen direla esan digute Barrenenguan, Eguzkitzan eta hotelean. "Elgeta oso ondo kokatuta dago", esan digute. "Guggenheim zein Donostiako Kontxako hondartza ordubetera ditu. Gasteiz ere nahiko hurbil dago".
Laster, beraz, jende berria ikusiko dugu herriko kaleetan barrena. Aste Santua gure artean pasatzera etorritako bisitariak izango dira.