Astelehenetik domekara bitartean, maiatzaren 16tik 23ra, Aste Berdea egingo du Elgetako udalak. Lehenengo Aste Berdean uraren kontsumo arduratsuak izango du protagonista. Eskolako umeak uraren gaia lantzen ari dira Agenda 21 programaren barruan, eta eskolan egindakoak kalera aterako dituzte erakusketa baten bitartez herritarrek ikus ditzaten.
Eko-erreduktoreak opari
Uraren kontsumoaren gaineko Tantaka Tantaka aurreztu ura izeneko liburuxka banatuko du egunotan udalak etxez etxe. Bertan kontsumoa gutxitzeko gomendioak jasotzeaz gain bete beharreko kupoi bat aurkituko dute herritarrek. Horren truke etxeko iturrietan jarriz gero ur kontsumoa gutxitzen duten hiru eko-erreduktore edo difusore eskuratu dituzte elgetarrek. "Lehenengo Aste Berdean uraren gaia landu nahi izan dugu", adierazi du Oxel Erostarbe alkateak. "Ur kontsumoa jaistea posiblea dela erakutsi nahi diegu herritarrei".
Ekonomikoki gidatzea
Hilaren 17an, zapatua, era eraginkor eta ekonomikoan gidatzeko ikastaroa egingo du RAC erakundeak Aste Berdearen barruan. Autoek kontsumitzen duten erregaia %20 murriztu daiteke, eta nola lortu gomendioak emango dituzte. Interesatuek udaletxean aurkituko dituzte argibide gehiago.