Askotariko ekintzekin martxan dira udalekuak

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko uzt. 8a, 17:54
Mireia Berriozabal, Maialen Elortza eta Nagore Ojanguren dira hiru begiraleak, eta Xabier Gabiña kultura teknikariaren laguntza izango dute.

Elgetako udaleku irekiak martxan dira. Astelehenean, hilaren 6an, zabaldu dituzte ateak Torrealdeako ludoteka berrian eta hiru astez askotariko ekimenak egingo dituzte.
Martitzenean, Sanfermin eguna, txuri eta gorriz jantzi ziren umeak. Egunkaria eskuan zutela irten ziren kalera eta entzierroa egin zuten. "Zezenak ipurdian jo nau", zioen batek begiak handi- handi eginda.
     Aurten, 2-16 urte bitarteko 40 bat umek eman dute izena udalekuoetan eta hiru begiralek dihardute ekintzak dinamizatzen; Mireia Berriozabal, Maialen Elortza eta Nagore Ojanguren, hain zuzen ere. Elgetarrak dira hirurak eta umeek ondo ezagutzen dituzte. Berriozabal neguko ludotekako begiralea izan da, eta Elortza eta Ojanguren gaztelekuko ekintzak dinamizatu dituzte orain gutxira arte. 

Egoitza berria

Bi berrikuntza nagusi daude udalekuotan. Bata egoitza, izan ere, Torrealdeako ludoteka berritik abiatzen dira ekintza guztiak. "Lokala oso ondo dago", adierazi du Mireia Berriozabalek. "Altzariak ipintzeke daude, baina instalazio polita da".
     Bigarren berrikuntza udalekuen antolaketa da. Orain arte talde bakarra osatzen zuten ume guztiek. Aurten, bi dira; txikiak eta nagusiak. Lehenengo taldean 3-5 urte bitarteko umeak sartzen dira eta bi begirale dituzte. Bost urtetik gorakoek beste talde bat osatzen dute. "Adinera egokitutako ekintzak egiteko aukera emango digu honek", adierazi zuen udalekuen aurkezpen bileran Rebeka Ubera zinegotziak. Udal ordezkariak gaineratu zuen gehienbat kanpoko ekintzak egiteko baliatuko zutela denbora udalekuotan. Hala, martitzenean esaterako, txikiek txintxaunetan jolastu diren bitartean nagusiek bizikleta irteera egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak