Arrota Azpin garajea jausi da eta egoera gero eta okerragoa da

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko ots. 13a, 12:50

Diputazioko teknikoak bertan izan dira, baina ez dutela irtenbiderik ematen salatu du Arrota Azpiko Ana Mari Urretabizkaiak.

Arrota parean errepidea beti egon da txarto. Aurtengo neguko eurite handiek, ordea, nabarmen okertu dute egoera. "Errepideak 20 bat zentimetro egin du behera. Diputazioko teknikoak etorri dira, baina ez dute azalpenik ematen. Asfaltoarekin betetzen dute behin eta berriz zuloa. Zortzi aldiz etorri dira dagoeneko negu honetan". Arrota Azpiko Ana Mari Urretabizkaiaren hitzak dira. Garajeko horma bat jausi egin zaio aurreko astean eta oso kezkatuta dago ez baitio egoerari irtenbiderik ikusten. "Geologo bat etorri zen, zundaketa geoteknikoak egin dituzte... baina ez dute soluziorik ematen".

Beldurtuta

Garajeko horma gauez jausi zen eta, zorionez, ez zuen kalte pertsonalik sortu. Arrota Azpin pitzadurak dituzte etxe atarian, belardian lur mugimenduak nabarmenak dira eta oilo-tokiko hormak ere erortzear daude. "Babesgabe ikusten dut nire burua. Laguntza eskaintzen digun bakarra Elgetako alkatea da" esan du Urretabizkaiak. "Arartekora ere jo dugu. Baserrian, momentuz, ez dugu ezer nabaritu, baina edozein egunetan etxean daukat errepidea".
     Teknikoek uste dute gune horretan, lur-azpian, erreka pasatzen dela. Zein sakoneran dagoen aztertu, dragatu eta euste-horma egin beharko dela uste dute. "Nik ez dakit zer egin behar den. Dakidan gauza bakarra da laster egin behar dela eta Diputazioari eskatzen diot lehenbailehen neurriak hartzeko arriskuan gaude-eta".
Diputazioan proiektua idazten dihardute eta lanak aurrera eramateko diru-saila egokituta omen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak