Arantzetarren topaketa uztailaren 18an Elgetan

Irati Agirreazaldegi 2009ko mai. 20a, 20:19
Arantzeta abizena dutenek nazioarteko topaketa egingo dute uztailaren 17an, 18an eta 19an. Arantzeta jatorri elgetarreko abizena izanik herrira, bisita egingo dute.

Javier Arantzeta bilbotarra da topaketa hauen antolatzaileetariko bat. "Bere lanarengatik, asko bidaiatzen du, besteak beste Hego Amerikara. Han kontaktua egin du Arantzeta abizeneko  jendearekin eta interesa bazegoela ikusita, topaketa egitea pentsatu du", esan digu Jose Luis Arantzeta elgetarrak.

Eguaztenean aurkeztu zuten topaketa Elgetan. Uztailaren 17an Bilbon elkartuko dira eta harrera eta bazkariaren ostean, Endika Mogrobejo genealogistak heraldikaren eta leinuaren gainean hitzaldia egingo du.

Elgetara 18an etorriko dira eta  harrera egingo die alkateak; Arantzeta auzora bisita egingo dute gero eta han ospakizunaren oroigarri bat ipini nahi dute; ondoren, bazkaria  izango da.

Domekan, Bilbon, Gughenheim museora bisita eta agur jaia izango dituzte.

Kanpora joandakoak

Aurkezpenean Javier Arantzetak esan zuen munduan barrena sakabanatuta asko direla Arantzeta abizendunak eta guztira 400 familia inguru izango direla, Gipuzkoan gehienak, %60. Elgetan zenbat Arantzeta diren ez daki Jose Luis Arantzetak: "Bada Elgetan lehen lau abizenak Arantzeta dituenik. Baina Elgetatik ere inguruko herrietara joan gara batzuk:  Antzuolara, Elorriora… Hortaz, zaila da jakitea zenbat garen. Gainera, hainbat modutara idazten da abizena eta horrek zaildu egin dezake  kontaketa".

Elgetatik gertura joan dira batzuk eta kanpora besteak: "Amerikan ez ezik Alemanian ere ba omen dira arantzetarrak eta baita Andaluzian ere, orain dela 100 edo 150 urte hara joandakoen ondorengoak-edo. Bitxia badirudi ere ba omen da Cadizen flamenkoa kantatzen duen Aranzetarrik ere", esan digu Jose Luis Arantzetak.

Izenematea

Batean eta bestean daude arantzetarrak eta topaketan parte hartu nahi dutenek izena emateko honako telefono zenbakietara dei dezakete:

  • Pello Gorrotxategi Arantzeta (695 75 51 25)
  • Jose Luis Arantzeta (629 37 92 16)

Bestalde, 40 euro sartu behar dira Arantzeta abizenekoak kontuan:

2101 0037 04 00067 96619 (Kutxa).

Hala ere, maiatzean barrena posta bidez topaketen berri emanez esku orri bat bidaltzea da antolatzaileen asmoa.

Bestalde, esan dute gustatuko litzaiekeela Arantzeta abizenaren gaineko liburu bat egitea; horretarako, topaketan parte hartzen dutenei fitxa bana emango diete euren familien berri, aurrekoen gainean dakitena... jaso ahal izateko.

Ahalik eta Arantzetar gehien elkartzea da euren asmoa eta ilusioa eta gogotsu daude antolatzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak