Goizean hasi dira heltzen Arantzetarrak Elgetara, eta horiek herrian bizi den multzo handiarekin batu dira. Batzuek salda eta txorizoa jan; eta beste batzuek Arantzeta auzoa bisitatzeko aprobetxatu dute. Dena dela, errepidean egiten dabiltzan lanengatik ezin izan dira guztiak hara joan.
Horren ostean, 11:30ean, ekitalditxoa izan dute udaleko osoko bilkura aretoan. Elgetako abesbatzak Agur jaunak eta Elgetako eresia abestu du; eta antolatzaileek eta Elgetako alkate Oxel Erostarbek harrera egin diete bertaratutakoei –osoko bilkura aretoa lepo bete da, jakina–.
Jarraian, udaletxe azpian familia argazkia egin dute; eta San Rokera jo dute trikitilari eta guzti. Han, Joxe Agustin Arantzetak XIX. mendean haritza landu zuen leku berean, plaka bat desestali dute eta aurreskua dantzatu dute. Hainbat lagunek hartu dute hitza, eta une hunkigarriak bizi dituzte.
Horren ostean, bazkari erraldoia egin dute Espaloia Kafe Antzokian.
Antolatzaileek jakinarazi dute Arantzetarren gaineko pasarte ugarirekin liburu bat prestatzen dabiltzala.