Antolin Arizmendiarreta markinarra izan zen garaile bolo-jokoan

Amaia Txintxurreta Guridi 2010ko urr. 24a, 14:00
Markinako Iruzubieta taldeko Antolin Arizmendiarretak irabazi zuen atzo Elgetan jokatu zen Euskadiko hiru-txirlo bolo txapelketako bigarren jardunaldia. Arizmendiarretak 7 txirlo bota zituen guztira, eta horregatik lortu zuen garaipena. Hala ere, Elgoibarko San Migel taldeko Jabier Osoro ez zen urruti ibili, eta bigarren postuan gelditu zen 6 txirlo bota ostean. Hirugarren berriz, Asola Berriko Beñat Gomez eibartarra gelditu zen 4 txirlo botata.

Elgetako taldeaz gain, Eibarko Asola Berri, Azpeitiko Floreaga, Markinako Iruzubieta, Plaentziko San Andres, Elgoibarko San Migel eta Debako Lastur taldetako kideak ere izan ziren lehian. Eta talde bakoitza beste 2-3 taldez osatuta zegoen. Guztira, 18 talde lehian aritu ziren Elgetako bolatokian.

Hiru irabazleek txapelketako zerrendaren gain-gainean egoteko puntu garrantzitsuak lortu zituzten, baina horrez gain, sari propioak ere izan zituzten: Arizmendiarretak 65 euro, Osorok 50 euro eta Gomezek 35 euro.

73 lehiakide
Antolatzaile lanetan diharduen Sebastian Arantzabalek esan zuen, Elgetan jokatutako txapelketako bigarren jardunaldi horretan, aipatutako zazpi herritako 73 lehiakide bildu zirela. Mallabian jokatutako lehenengo jardunaldian, berriz, 68 bolari izan ziren. Bolo-jokoan jokatzen gazte zein helduak ikusi ziren Elgetako bolatokian, baina gehienak gizonak izan ziren.


Hala ere, emakume batzuk ere animatu ziren bola hartu eta txirloak botatzera. Tartean, Elgetako Geaxi Espeleta emakumeak hartu zuen parte bola-jokoan eta horrelako txapelketa baten parte hartzen zuen lehenengo aldia izan bazen ere, gustura aritu zen jokoan.

Bigarren jardunaldia

Euskadiko hiru-txirlo txapelketak lau jardunaldi izango ditu, eta horietako bigarrena izan zen Elgetakoa. Joan den asteburuan, estreinatu zuten txapelketa, Goittan (Mallabia), eta hurrengoak azaroan jokatuko dituzte; hirugarren jardunaldia Markinan eta finala azaroaren 13an izango da Azkoitian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak