Jende mordoa erakarri du Elgetako Espaloian Gerra Zibilaren inguruan egindako erakusketak. "Oso pozik gaude", adierazi du Intxorta Kultura Elkarteko presidente Jesus Gutierrezek. "Publikoa izan dugu, komunikabideetan oihartzun handia lortu dugu eta etorkizunean gauza berriak egiteko bideak zabaldu ditugu".
Gutierrezen esanetan erakusketaren arrakasta aurkeztutako materialean egon da. "Gure eskualdean zentratu dugu erakusketa eta hori guztiz berria izan da publikoarendako".
Espaloian ere gustura
Espaloia Kafe Antzokian ere erakusketa arrakastatsua izan dela uste dute. "Jende asko etorri da eta gogoz etorri da gainera erakusketa ikustera", adierazi du Espaloia Kultura Taldeko Iban Arantzabalek. "Denboraz eta galdezka etorri da jendea. Lehendik animatuta bageunden erakusketa honekin orain gehiago gai horrekin lotutako edozer gauza egiteko". Arantzabalek uste du material asko oraindik ere ikusi barik gelditu dela eta polita litzatekeela erakusketa aberasterakoan berriz egitea.