"Erdarak indar handia hartu du eta arduratuta gaude euskara maila zelako txarra den ikusita". Argia izan zen Elgetako Euskara eta Kultura zinegotzi Ana Gillegi aurreko astean GOITBko Magazinea saioan egindako elkarrizketan. Eskolako kontseiluko kide ere badela adierazi zuen, eta hor ere egoerarekin konturatuta daudela esan zuen. "Elgetako eskolan 12 urtera arte egoten dira umeak eta koadrila batzuk erdara hutsean egiten dute. Badakit zaila dela umeen ohiturak aldatzea, baina Udalak eta Eskolak elkarrekin lan egin beharko dugu arazo bihurtzen ari den kontu honi irtenbide bat emateko".
Elgetako euskara mantentzearekin ere arduratuta agertu zen Gillegi, eta Ahotsak proiektuaren garrantzia azpimarratu zuen ahalegin horretan. "Euskaraz askok egiten dugu herrian, baina Elgetako euskaraz ondo, gutxik. Elgetako nagusiei euren kontakizunak grabatzen jarraitzen dugu. Euskara hori jaso eta transmititu beharra daukagu, nire ustez".
Euskara plana
Elgetako Udala Ueman – Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea – sartu berria da. Gillegik azaldu du Elgetan hainbestetan eskatu den Euskara Plana izango dela erabaki horren lehenengo fruitua. "Esan digute, eta konpromiso hori hartu dute gurekin, azarorako gertu egongo dela". Udalaren barne funtzionamendua gehiago euskalduntzen lagunduko du Euskara Planak, baita kanpo harremanak ere.