Udaletxeko, Bolatokiko eta kirol instalazioetako teilatuak konponduko ditu Aretxabaletako Amaral de Sousa S.L. enpresak 186.015 euroren truke. Eguenean egindako martxoko osoko bilkuran esleitu ditu lanok udal batzarrak.
Zapaterok emandako Estatu Fondoko dirulaguntzarekin finantzatuko ditu Udalak berritze lan horiek. "Asmoa da teilatu horietan teila zaharrak kentzea, isolamendu termikoa ipintzea eta, atzera ere, teila berriak ipintzea", adierazi du Ricardo Landa udal aparejadoreak. 2009ko aurrekontuan Udalak onartuta daukan inbertsio garrantzitsuenen artean aurkitzen da honakoa.
Hiru hilabeteko epea
Amaral enpresak lanok hiru hilabeteko epean burutu beharko ditu. Aurreikuspena da, beraz, jaietarako udaletxeko teilatua konponduta egotea eta beste biak uztailaren 15erako amaituta egotea. Lan horiek %100ean Madrildik etorritako dirulaguntzarekin finantzatuko ditu Udalak.