0-29 urte bitarteko herritarrei buruz ari gara; haurrak (0-12 urte), nerabeak (13-18 urte) eta gazteak (18-29 urte). Elgetan 276 lagun daude uneotan adin tarte horretan; herritarren %25,5.
Aldundiak berriki aurkeztutako txostenak nabarmentzen du adin tarte horretako biztanleendako Elgetan zerbitzu ugari daudela, eta orain arte "ibilbidea egokia" izan dutela. Udalak emandako zerbitzuak hartu dira kontuan (ludoteka, gaztelekua, udaleku irekiak...), baita herrian dauden bestelako eskaintzak ere (gaztetxea, kirol elkarteak, kafe antzokia...).
Antzeman da haurrek dutela eskaintza osatuena, eta, gazteei dagokienez, ez da zerbitzu baten beharrik jaso. "Gaztetxeak herriko gazte guztiak edo gehienak ditu erabiltzaile, eta kafe antzokiak egiten duen eskaintzak herriko eskaintza osatzen du", irakur daiteke txostenean.
Hobetu beharrekoak
Hutsuneak ere antzeman dira, ordea. "Momentu honetan 15-17 urte bitarteko gazteendako ez dago zerbitzurik", dio txostenak, eta zerbitzu ezberdinen arteko koordinazioan hutsuneak antzeman ditu. Faltan igarri ditu Gazteria batzordea eta horri lotutako udal teknikaria. Baita udal politiketan haur, nerabe eta gazteen zuzeneko parte-hartzea sustatuko duen foro bat ere.
Aurre-diagnosia egiteaz gain, Aldundiak proposamenak ere egin ditu. Hiru urteko epean egiteko plangintza aurkeztu du. Besteak beste, haur, nerabe eta gazteen sustapenerako udal politikak definitzea, zerbitzuen berraztertzea egitea, eta Elgeta danon artian prozesu parte-hartzailean adin horretako elgetarren parte-hartzea sustatzea.