Alde zaharreko faroletan sistema aldatuko dute

Irati Agirreazaldegi 2009ko eka. 2a, 11:20
Herri Eskolan, energia aurrezteko asmoz, argiterian aldaketak egin dituzte. Eskolako lanpara guztiak aldatu egin dituzte eta, argitasun bera eman arren, bonbillak pizteko denbora apur bat luzeagoa beharko da. Hala ere, sistema berriarekin kontsumoa %35-40 artean txikituko da.

Eskolako ikasleek, irakasleek eta gurasoek, gainera, Eskolako Agenda 21 programaren bidez lanean jardun dute eskola eta herria iraunkortasunera bideratzeko. Datorren ikasturterako energia gaia aukeratu dute; hortaz, eman dituzte jadanik lehen pausoak.

Argi emaria gutxitu

Herri Eskolan ez ezik kalean ere egin nahi ditu aldaketak Udalak argiteriari dagokionez; izan ere, herriko argiteria publikoaren kontsumoa ere txikitu nahi du. Horretarako, hainbat sistema daude aukeran eta Elgetako Udalak argi emaria txikitzen duen sistema erabiliko du. Hau da, sistema programatu eta gaueko ordu zehatz batean kaleko farola batzuk itzali eta beste batzuk piztuta uzten dituena. Piztuta gelditzen diren farola horietan ere argi kontsumoa murriztu egingo dute. Izan ere, orain, farola guztietako argia maila gorenean dago.

Sistema hori ordenagailu bidez kontrolatuko da; hortaz, gauez dabilen jendearen arabera, data konkretuetan, jaietan, esaterako, farolak itzaltzeko ordua aldatzeko aukera izango da. Bestalde, ikusiz gero guneren bat oso ilun edo argitasun handiarekin geratzen dela, toki horretan ere aldaketak egin ahal izango dituzte argi gehiago ipiniz edo gutxituz.

Faroletako sistema aldaketa herriko alde zaharrean egingo dute eta lanak ekainean barrena egiteko asmoa dauka Udalak. Sistema aldatu egingo duten arren, orain dauden farolak mantendu egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak