Alberto Agirreazaldegi elgetarrak Laponiako iraupeneko eski proba bat egiten dihardu

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko mar. 12a, 20:34

Rajalta Rajalle Hiito delako iraunpen eskiko proba egiten dihardu elgetarrak. Egunero ematen du bere abenturaren berri ibiltarixanak izeneko bere blogean.

Errusiako mugatik Suediako mugarainoko luzera duen Rajalta Rajalle Hiito izeneko proba egiten dihardu Alberto Agirreazaldegi elgetarrak. Domekan, hilaren 9an, egin zuen lehenengo etapa. Abentura zale amorratua izateaz gain, blogari ere bada Agirreazaldegi. Hala, bere abentura gertutik jarraitzeko aukera ematen du ibiltarixanak izeneko bere blogean. 


440 kilometroko proba
"Orain dela hilabete erabaki nuen parte hartzea", azaltzen du Agirreazaldegik bere blogean. "Antton Dorronsoro beasaindarrak eman zidan bere asmoen berri eta berarekin joateko prest nengoela azaldu nion hurrengo egunean".
Astebeteko iraupena duen eskiko proba egitera joan da elgetarra, 440 kilometro luze dena. "Aspalditik nuen proba horren berri, baina iaz sartu zitzaidan egiteko gogoa lau eibartarrek, tartean Josu Elejalde nire lagunak, egin zutela jakitean. Eibartarrrek egin badute zelan ez du egingo elgetar batek! esan nion neure buruari". Prestakuntza egoki bat egiten saiatu dela adierazi du Agirreazaldegik. "Sonport-eko pistetan eta Elgoibarko kiroldegian eta Mintxetan orduak sartu ditut", azaldu du. "Ez dut prestaketa berezirik egin, baina saiatu naiz ia egunero zerbait egiten eta intentsitatea igotzen".

Etapa gogorrak
Luzea egin zitzaion lehenengo proba elgetarrari. Hilaren 9an , domekan, egin zuen. Zortzi ordu eta erdi behar izan zituen 63 kilometroko etapa egiteko. Tenperatura -10 eta -5 bitartekoa izanik, izoztu egin zitzaion edateko zuen ura.
Agirreazaldegik goizero jasotzen ditu Ibiltarixanak bere blogean egunak emandakoak. Laponiatik Elgoibarren utzi dituen emaztea eta alabari bidaltzen dizkie albisteak. Bien artean moldatzen dute bloga. Testuak idatzi, argazkiak sartu... "Domekan dator aita etxera", azaldu digu haren alaba Irati Agirreazaldegik. "Gustura dabil. Taldean joan da Laponiara, 17 bat lagun joan dira". Talde horretan aurpegi ezagunak ere badira. Nabarmenena, Andoni Aizpuru. Laster amaituko du bere Laponiako abentura Agirreazaldegik. Itzulitakoan, bertatik bertara kontatuko ditu bizi izandakoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak