Atzo 40 lagun inguru elkartu ziren Aixolako zentroari buruzko batzar irekian. Bertan izan ziren, besteak beste, Aldundiko teknikari Iñaki Bengoetxea, Aixola zentroa kudeatzen duen Babesten enpresako Mikel Lizarralde eta Agurtzane Gartzia, Oxel Erostarbe alkatea, udal zinegotzi eta langileak, Aixola auzoko bizilagunak eta Elgetako, Eibarko zein Ermuko zenbait herritar.
Jarraipen batzordea
Oxel Erostarbe alkateak hartu zuen lehenengo hitza. "Udalak ez du zentro horren gainean inongo eskumenik, baina gure arduratzat jotzen dugu zentroak lege guztiak behar den moduan betetzea, eta jarraipena egingo diogu". Eibarko eta Ermuko udalekin batera jarraipen batzorde bat eratuko dutela jakinarazi zuen. "Zentroari jarraipena egiteko, zalantzak argitzeko, protokolo posibleak zehazteko eta koordinazio lana egiteko. Arduraz jokatzeko unea dela uste dugu", esan zuen. Eta zentzu horretan gezurtatu egin zituen asteotan herrian zabaldutako hainbat zurrumurru. "Zentroak ez die herriko tabernariei hilean 4.000 euro eskaini gazte horiei bazkaltzen emateagatik. Gezurra da, halaber, gazte horiek Herri eskolara etorriko direnik".
Diputazioak agindutakoak
Herritarrak kezkatuta daude eta horrela agertu zuten bileran. Abenduaren 16an iritsi ziren lehenengo gazteak Aixolara eta gertakariak egon dira ordutik. Garantiak eskatu zituzten. "Ezin dugu batere arazorik egongo ez dela ziurtatu", esan zuen Aldundiko Iñaki Bengoetxea. "Zuen kezkak eta beldurrak ulertzekoak dira; aurrekariak daude eta txarrak gainera. Baina esan beharra dut uneotan ezin direla Aixola eta Endoia konparatu. Nahiz eta profil bereko gazteak izan Diputazioak aldaketa potenteak egin ditu bere programetan. Aldatu egin ditu zentroaren ezaugarriak, programak, gazteen kopurua askoz ere txikiagoa da, hezitzaileak askoz ere gehiago daude... Eta onartzen dut, guri dagokigu aldaketa horiek guztiak eraginkorrak izango direla demostratzea".