Aldunditik azaldu digutenez, bere garaian, eta Aixolakoa moduko zentroetan izandako arazoen aurrean, heziketa eta gizarteratze helburuekin programa bereziak jarri zituzten martxan, eta horien barruan sartzen da Eibarren egindakoa.
Oraindik ere balorazio sakonik egin ez duten arren, Aldunditik jakinarazi digute hasierako balorazioa positiboa dela. Horren adibide jarri dute gerontologikoko erabiltzaileen eta gazteen artean harreman normalizatuak ezarri direla, eta baratzeko arduraduna bere esperientzia errepikatzeko prest agertu dela.
Dena den, gaineratu dute balorazio zehatzagoak egiteko oraindik ere Aixolako zentroaren inguruan eratutako mahai teknikoa bildu egin behar dela. Aldundiko eta Ermua, Eibar eta Elgetako Udaletako ordezkariek osatzen dute mahai tekniko hori. Gazteekin eurekin ere egin gura dute balorazioa, eta ondoren erabakiko dute programarekin jarraitu ala ez. Aixolako zentroak hedabideetako titularretara salto egin zuen pasa den martxoan bertan izandako istiluen ondorioz. Aldunditik esan digute baina, azken hilabeteetan gauzak hobera egin dutela, besteak beste programa berezi hauek martxan jarri izanaren ondorioz. Horren adibide jarri dituzte bai Ertzaintzaren eta baita herrietako udaltzainen datuak. Gaur egun, sei eta zazpi artean izaten dira Aixolan dauden gazteak.
Egungo egoerari buruz ere galdetu dugu Elgetako udalean. Bertan, Oxel Erostarbe alkateak esan digu gauzak momentuz ondo doazela, eta mahai teknikoaren lana ere ondo baloratu du.