Aixolako urtegiari 23 itzuli bederatzi ordu eta erdian

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko apirilaren 8a

Aitor Bolinaga elgetarrak 100,600 kilometroko distantzia egin du Aixolako urtegian Juan Bautista Valdubieco 'Tximis' lagunarekin batera.

Zarata asko atera barik, hilaren 3an Aitor Bolinagak eta haren laguna den Juan Bautista Valdubieco Tximis-ek egundoko marka egin zuten. Aixolako urtegiari 23 itzuli eman zizkioten lasterka. 100,6 kilometro egin zituzten 09:32:15eko denboran.
"Erronka handia zen eta ez genekien lortuko genuen", adierazi du Bolinagak. "Horregatik, ez genuen jende gehiegi jakinaren gainean jarri. Azkenean, baina, kristo guztia enteratu zen eta jende asko joan zen gu animatzera".
    Ondo baino hobeto ezagutzen dute Aixolako urtegia Bolinagak eta Valdubiecok. "Gehienetan bertan egiten ditugu entrenamenduak. Urkulun eta Landan ere ibiltzen gara, baina Aixola gertu dugu eta leku lasaia da", esan du elgetarrak. "Ondo amaitu nuen, burutik hanketatik baino hobeto. Gogorra baina polita izan zen

22 maratoi mundu osoan

Bolinagak 49 urte ditu eta duela hamar bat hasi zen maratoietan eta ultra-maratoietan. Hegoafrikan, Argentinan, Norvegian, Jordanian... leku askotan izan da, baina lasterketarik gustukoena Donostiako maratoia du. Zergatik egin duten Aixolako marka? "Gorputza proban jartzearren", esan du. Eta besteren bat prestatzen ari omen dira!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak