Aixolan bizi diren gazteak hezkuntza programa bat jarraitzen dabiltza. Eskolak eta tailerrak egiten dituzte eta bertako ingurunea eta kultura ezagutzen joango dira. Joxi Insaustik dioenez, "lehenengo fase honetan ez dira irtengo; bizimodu guztia etxean egiten dute. Irteerak egiten dituztenean, beti hezitzaile batekin joango dira; ez dira euren kabuz irtengo".
Oxel Erostarbe alkateak nahi du herritarren zalantzak argituta gera daitezen otsailaren 3an Foru Aldundiarekin egongo den herri batzarrean: "Udalak nahi duena herritarrek, batez ere Aixolako auzotarrek, zalantzaren bat badute zer egin behar duten jakitea da. Aspaldian zurrumurru asko ari dira herrian eta orain arte jakin ditugun guztiak gezurra dira. Kontu hau serioa da eta gezurrak soka motza du. Diputazioarena da zentro horren eskumen osoa eta pentsatzen dugu egokiena gauza guzti hauek argitzeko Diputazioko teknikariak azalpenak ematera etortzea dela", esan dio Erostarbek Goienkaria-ri.