Motibazio falta
Pilota profesionala uzteko arrazoi nagusia, motibazio falta dela argudiatu du Aitor Elkoro pilotari elgetarrak. Erabaki honekin 16 urte iraun duen ibilbidea amaitutzat emango du Elkorok, ASPE enpresarekin datorren urteko otsailera arte kontratua izan arren.
Bi zati ibilbidean
Abuztuaren 7an bete zituen Aitor Elkoro pilotariak 40 urte eta horietatik 16 pilota profesionalean murgilduta eman ditu. Bi zati izan ditu bere ibilbideak:
Lehenengo zatia laburra izan zen oso: 1987an 19 urterekin egin zuen debuta profesionaletan, baina gustura egon ez, eta urte eta pikura utzi egin zuen, afizionatu mailara bueltatuz.
1992an, sortu berria zen Asegarce enpresarekin berriz ere itzuli zen profesionaletara, urriaren 5ean Gernikako Santanape frontoian bigarren debuta eginaz.
Atzelari sendoa, 1997an eskuz banakako finala jokatu zuen Fernando Arretxeren kontra. 22 eta 18 galdu zuen Donostiako Atano III. pilotalekuan jokatutako partida, baina bere sasoirik onenean zegoela erakutsi zuen elgetarrak. Urtebete geroago, Jokin Etxanizekin batera jokatuta, eskuz binakako finalera heltze lortu zuen. Esku eskura izan zuten txapela, baina azkenean 21 eta 22 galdu zuten Unanue eta Errastiren aurka.
1998an Aspe enpresa sortu zenean, hara joan zen Elkoro eta 199an Aspe enpresak antolatutako eskuz binakako txapelketa irabazi zuen Asier Olaizolarekin batera.
Maila txikiagoko partiduak jokatzeko gertu
Datorren urteko otsailera arte kontratua zeukan Elkorok, baina eskuineko eskuan dituen arazoek aldarazi egin dituzte planak. Maila profesionalari agur esan arren, elgetarrak adierazi du pilotarekiko grina asetzeko ez litzaiokeela axolako maila txikiagoko partiduak jokatzea.