Aitor Elkoro: "Astean behin entrenatu eta pilotariei jarraipena egingo diet"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko aza. 4a, 13:35

Aitor Elkoro (Elgeta, 1967) Gipuzkoako pilota hautatzailea izango da aurrerantzean. Orain dela urtebete utzi zuen pilota; eta, ordutik pilotatik aldenduta ibili da. Ilusioz hartu du erronka berria Elkoro pilotari ohiak.

Nola heldu zaizu Gipuzkoako hautatzaile izateko aukera?
Federazioa jarri zen kontaktuan nirekin. Uste dut azkeneko urteetan ez dela egon hautatzailerik. Elkarteetako kideek hartu izan dute ardura hori; eta, gura zuten seriotasun pixka bat ematea postuari, eta batez ere elkarteetatik independentea izango zen norbait izatea hautatzailea. Horregatik nirekin pentsatu zuten. Urtebete da pilotaz deskonektatua egon naizela, eta uste dut lan polita izango dela.

Zein izango da zure eginbeharra hautatzaile bezala?

Asmoa da martxotik maiatzera bitartean jokatzen den GRAVN txapelketa prestatzea. Lan handiena hori izango da; txapelketa horretarako pilotari multzo bat hautatzea. Momentuan ondoen dauden pilotariak hautatu beharko ditut. Nire eginbeharra objektiboa izatea izango da eta momentuan maila onena dutenak hautatu.
Egunero ez naiz egon beharko pilotalekuan, astean entrenamendu bat egiteko eskatu didate; horrez gain, jarraipena egin beharko diet pilotariei.

Ze adinetako pilotariekin egin behar duzu lan?
Hiru kategoriako mutilekin egingo dut lan: gazteak, 22 urtez azpikoak eta nagusiak. Txapelketan batez ere, lana pilatu egingo zait; eta, ezin izango dut botilero lanak egin partidu guztietan. Horregatik eskatu diot Ander Berraondori laguntzeko.
Orain, partiduak ikusten nabil. Afizionatu mailakoak ezagutzen ditut, baina gazteagoak, 22 urtez azpikoak ez.

Urtebete da pilota utzi zenuela; gogoz hartu duzu berriro?

Lehenengo aldia izango da hautatzaile lanetan ibiliko naizela. Orain urtebete utzi nuen pilota eta ordutik ez dut pilotarekin harremanik izan. Bizikletan ibili naiz, batez ere. Gogoarekin hasten naiz eta ea gustura ibiltzen naizen eta lasai lan egiten dudan.

Kirolariaren bizitza motza izan ohi da eta komeni da beste proiektu batzuk esku artean izatea.
Bai, nire kasuan gustura nagoela esan behar dut. 16 urte egin ditut profesionaletan eta gustura nago. Gertatzen dena da, ematen duela betirako izan behar dela kirol bizitza… baina konturatu gabe denbora pasa egiten da, eta bukatu egiten da. Horrela da; gero, zorionez, beste proiektu batzuk etortzen dira.

Pilotari eta hautatzaile. Pilota ikusteko bi modu oso ezberdin dira?

Duda barik, oso ezberdinak izango dira. Beti egon izan naiz pilotaren munduan eta kontrolatzen dut. Orain, eguneratu egin beharko ditut hainbat gai: materiala, gazteak… uste dut lan polita izango dela gazteen eboluzioa ikustea: 16 urterekin hartu eta nola hobetzen duten ikustea. Denon helburua profesionaletara iristea da, baina badakigu denak ez direla iritsiko.

Zuk zeuk nola gogoratzen duzu gaztetatik profesionaletarako jauzi hura?

Hasi, Elgetan hasi nintzen, herrian. Hango elkartean ordu asko sartu nituen, hango lagunekin. Profesionaletarako saltoa nahiko mikatza izan zen nire kasuan. Lehenengo aldiz pasatu nintzenean profesionaletara ez ziren nik gura nituen moduan irten gauzak. Ez nengoen mundu horretarako prestatuta, eta gaizki ibili nintzen bai eskutatik eta baita psikologikoki ere. Orduan 19 urte nituen, eta urtebetera berriro itzuli nintzen afizionatu mailara. Gero, 25 urterekin egin nuen bigarren debuta eta orduan gauzak ondo irten ziren.

Asko aldatu da ordutik hona pilota? Telebistak eragina izan du?

Bai, eragina, batez ere, jokatzeko moduan izan du.Orain, gehiago arriskatzen da, ikuskizuna telebistara enfokatuta dago, eta lehen posturetara. Askoz ere serioago jokatzen zen lehen.


Aurten, Bergarako pilota taldeak lorpen garrantzitsuak lortu ditu.
Lan handia dago atzean, eta Reyesek meritu handia dauka. Pilotari multzo handia dauka; emaitzak ez dira kasualitatez etortzen. Reyes urte mordoa dabil lanean eta gustuko lana du; bestela, ez litzateke horrenbeste urtez ibiliko. Berarentzat ere lorpen garrantzitsua da aurrera begira lanean jarraitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak