Abendutik aurrera arautegi berria indarrean udal kirol instalazioetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko aza. 23a, 18:26
Abenduaren 1ean sartuko da indarrean udal kirol instalazioen erabilera eta mantenua koordinatzeko balioko duen arautegia.

Elgetak, aurrerantzean, udal kirol instalazioen erabilera, mantenua eta garbitze lanak finkatuko dituen arautegia izango du. Abenduaren 1ean sartu dira arau horiek indarrean eta ez dute, beraz, kirol instalazioen egunerokoan aldaketa nabarmenik suposatuko. "Arautegiak, derrigorrezkoak dira instalazioen funtzionamendu egokia lortzeko", esan du kirol teknikari Oskar Carrascalek. "Kirol instalazioen eta zerbitzuen erabilerak arautu egingo dira herritarrek modu koordinatu eta egoki batean erabili ahal izateko", adierazi du.
Arautegia pilotalekuan eta gimnasioan dago ikusgai eta informazio gehiago behar izanez gero udal kirol zerbitzura jo behar da. Oinarrizko araudi batek eta pilotalekuaren erabilerarako bereziki egindako araudi batek osatzen dute.

Erabilera arduratsua

Kirol instalazioetan sartzeko erabiltzailea edo baimendua izan beharko da eta haurrak ezingo dira arduradunik gabe egon. Kirol jantziekin eta zapatilekin sartu beharko da eta erretzea zein jatea debekatuta egongo da. Ezingo da materiala baimenik gabe instalazioetatik atera eta erabili ostean bere lekuan laga beharko dira. Eragindako kalteen berri Bolatokian edo udaletxean eman beharko da eta erabilera desegokiagatik kalteak eragiten badira arduradunak ordaindu beharko ditu. Armairuak erabiltzaileek soilik erabil ditzakete eta inoiz ez eguneko kirol jarduera irauten duen baino denbora gehiago.

Pilotalekuaren arautegia
10:00etatik 22:00etara egongo da zabalik eta erreserbak egin ahalko dira. Ezingo da erre, zesta-puntan egin edo bizikletan ibili. Patinek gomazko gurpilak beharko dituzte eta argiak pizteko dagokion prezioa ordaindu beharko da. Erabilpen libreko orduetan ezingo da kantxa osoa hartu eta jendea zain egonez gero ordubetera libre utzi beharko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak