Abendura bitartean lau ekintza Egokiren eskutik

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko urriaren 25a

Elgetako lau handiak, umeendako esku-pilota txapelketa, boleta txapelketa eta mendi irteera Intxortara dira Egokik prestatu dituen ekintzak

Astelehenean, hilaren 22an, egin zuen Egokik ikasturteko lehenengo batzarra. Bertan, aurreko ekitaldiko balorazioa egin zuten. Gainera, azaroa eta abendua bitartean burutuko dituzten ekintzak zehaztu zituzten.

Balorazio positiboa

"Otsailetik uztailera bitartean egindakoarekin pozik gara", azaldu du kiroletako udal teknikaria den Oskar Carrascalek. "Zazpi ekintza kaleratu genituen. Izenemate faltagatik bi bertan behera gelditu ziren. Gainerakoak, bost, oso harrera ona izan zuten".
Egiteke gelditu zirenak bizikleta irteera Bardeetara eta mendi buelta Udalaitzera izan ziren.   "Arrakastatsuena patinaje ikastaroa izan zen", gogoratzen du Carrascalek. "Bi talde osatu ziren, hastapenekoa bata eta trebetasun mailakoa bestea. Guztira, 40 lagun aritu ziren ikastaro horretan, 20 bakoitzean".

Bi hilabeteotan, lau ekintza
Datozen bi hilabeteotan, lau ekintza kaleratuko ditu Egokik. Azaroaren 18an Elgetako lau handiak egiteko aukera emango du. Abenduan umeendako esku-pilota txapelketa egingo dute Eskola Kirola programan txertatua. Boleta txapelketa ere jokatuko dute.
Urteko azken ekintza hilaren 23an egingo du Egokik, Olentzero egunean. Mendi irteera antolatu du Egokik egun horretarako Intxortara. Olentzero Intxorta menditik jaisten omen da Elgetara eta Olentzeroren arrastoaren bila irtengo dira plazatik herriko umeak. Ekintza horien berri garaiz emango du Egokik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak