2009. urtearen onenak eta txarrenak zenbait herritarren iritziz

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko abenduaren 23a

A gripea, ERE-ak eta genero indarkeria kasuak nabarmendu dira txarrenen artean. Onenen artean, berriz, krisia arintzen hasi delaren albistea eta N1H1 birusaren eragina kontrolpean egotea.

Elena Elkoro - Botikaria

Onena: A gripea kontrolpean

 

Albiste on gutxi ekarri ditu 2009ak. A gripearen berri izan genuenean alarma handia piztu zen, tartean hedabideek sortua. Zorionez, azkenean, birusaren eragina ez da uste bestekoa izan.

Txarrena: Pesimismo orokorra
Orokorrean urte txarra izan dela esango nuke. Krisi ekonomikoa, A gripea... ezkortasuna nagusitu egin da gizartean. Hori izan da txarrena, horrek guztiorrek eragin duen pesimismoa.

Luis Atorrasagasti - Langilea

Onena: Barçaren denboraldia
Futbolzale amorratua naiz, eta aurten, onena, Barçak egin duen denboraldi borobila. Ondo aritu dira, eta txapelketa askotan nagusitu dira. Une gozoak bizi izan ditut.

Txarrena: Genero indarkeria
Aurten ere kasu asko izan dira, eta badirudi zaila izango dela irtenbidea topatzea. Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean zerbait egin beharra dagoela uste dut.

Susana Crespo - etxez etxeko langilea

Onena: Krisia arintzen
Egia esan, nire ustez 2009ak albiste on gutxi ekarri ditu. Ez dakit luzera zer gertatuko den, baina badirudi krisi ekonomikoren eragina arintzen ari dela. Ea horrela den!

Txarrena: A gripea
Pertsona nagusiekin egiten dut lan, eta A gripea izan da urteko albiste txarrena. Nagusien ohiko osasun arazoei birus berria harrapatzeko arriskua gehitu zaie aurten, eta kutsakorra da.

Fernando Zenitagoia - Brigada burua

Onena: 'Alakrana'-koak etxera
Asko poztu ninduen Alakrana-ko arrantzaleak Gabonetarako etxera itzuliko zirela jakiteak. egoera gogorra izan zen hura, bahiketa luzea, eta poztu egin nintzen aske lagatakoan.

Txarrena: Alarma, gripea dela-eta
A gripea bera baino, iruditzen zait larriagoa zian dela birusaren inguruan sortutako alarma guztia. Iruditzen zait interes jakin batzuk egon direla horren guztiaren atzea.

Sebastian Arantzabal - Langilea

Onena: abertzaleak elkarlanean
Urteko gauzarik onena, niretako, abertzaleon elkarlanerako irekitzen ari diren bide berriak. Hurrengo urteetan ere bultzada beharko dute.

Txarrena: ERE-ak
Txarrenetan, famatu egin diren ERE-ak eta horren atzean krisi aitzakia hartuta enpresariek izan duten jokabidea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak