15 taldek parte hartuko dute III. Ikus-entzunezkoen Rallyan

Usoa Agirre 2007ko abe. 28a, 12:56
Zapatuan, abenduak 29, egingo da Elgetan III. Ikus-entzunezkoen Rallya Topaguneak antolatuta, Elgetako Goibeko Kultur Elkartearen laguntzarekin. Espaloia Kafe Antzokia izango da lehiaketaren epizentroa: parte hartzaileek bertan egin beharko dituzte euren bideoen edizio lanak, lan horien proiekzioa eta sari banaketa bera ere bertan egingo baitira. Aurkezten diren lanen artean, hiru sari banatuko dira: 1.500, 1.200 eta 900 eurokoak hain zuzen ere. Norgehiagoka 9:00etan hasiko da.

15 talde

  • Etorriko diren 15 taldeetatik, bederatzi iaz ere etorri ziren. Besteak berriak dira.
  • Hiru talderentzat, hirugarren rallya izango da.
  • Talde 'beteranoen' artean, lauk sariren bat jaso dute aurreko edizioetan.
  • Talde berriei buruz ere bada zer aipatu: Zarauztik datorren Errekortxolis Produktions taldeak, adibidez, beste bideo sari batzuk jaso ditu.
  • Parte hartzaileetatik, 53 mutilak dira, eta 32 neskak.
  • Jatorriari dagokionez, 19 bizkaitar, 51 gipuzkoar, 11 arabar, hiru nafar eta lapurtar bat.
  • Parte hartzaileetan gazteenak 19 urte ditu, eta zaharrenak 35.

Antolatzaileen kalkuluen arabera, 80 lagun inguru batuko gara Elgetan lehiaketaren bueltan, Euskal Herriko lurralde guztietatik etorrita. Antolatzaileen esanetan "giro polita sortuko du Elgetan egun osoan".

Egin beharreko lana

Goizeko bederatzietan hasiko da lehia: bideoetan derrigorrez agertu behar diren ezaugarri zehatzen berri emango dituzte orduan (Elgetarekin zerikusia duten lekuak, topikoak eta abar), erabili beharreko gaiarekin batera. Momentu horretatik aurrera, hamar orduko epea izango dute parte-hartzaileek gehienez hiru minutuko bideoaren gidoia prestatu, irudiak grabatu, edizio lanak egin eta bideoa erabat amaituta aurkezteko.

Arratsaldeko zazpietan bukatuko da lehiaketa bera, bideo guztiak batzen dituztenean. Indarrak berreskuratu eta nerbioak apur bat baretzeko, mokadutxoa jango dute, eta gero lan guztiak proiektatuko dituzte, 21:00ak aldera. Ondoren, epaimahaiak deliberatzeko tarte labur baten ostean, 22:30ak aldera hasiko da sari banaketa. Hiru sari banatuko dira lanik onen artean: 1.500, 1.200 eta 900 eurokoak, hurrenez hurren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak