14 urterekin elizako organoa jotzen hasi da Maitena Mañarikua

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko ira. 18a, 14:37
Gaztea da, baina amaitzear ditu piano ikasketak, eta Bergarako organo eskolan hasi da aurten. Lorea Larrañaga musika irakaslearekin txandakatuz jotzen du domeketako mezan.

"Irakasleak esan zidan ea berarekin, elizan, organoa jotzeko prest nengoen, eta ikasten hasi nintzen. Hasieran, ikasi bitartean, biok jotzen genuen; nik kantu errazak eta berak gainontzekoak. Gero, bakarrik jotzeko gai nintzela esan zidan, eta orain domeketan txandaka jotzen dugu".

     Gero eta ezohikoagoa da jende gaztea elizan ikustea, eta are bitxiagoa gazte horietako batek elizako organoa jotzea. Elgetako Maitena Mañarikuaren kasua da. Pozik dabil bere zeregin berrian, asko ikasten ari dela adierazi digu. Amaituta ditu solfeo ikasketak eta pianoko 6. mailan dago. Orain organo eskolekin hasi da. "Solfeoko sei mailak egin nituen, hala ere, pixka bat sakontzea ez legoke gaizki, baina oraindik goiz da horretarako", esan du.

Hiru organo jole herrian

Elgetan hiru organo jole daude; On Joaquin, Lorea Larrañaga, eta orain Maitena Mañarikua. "Ez dakit denon artean bat ona osatzera iristen garen", esan du txantxetan Larrañagak, "baina egia da herri askotan arazoak dituztela organo jolerik ez dagoelako".

     Larrañaga eta Mañarikua Bergaran zabaldu berria den organo eskolan ari dira. "Hamar ikasle daude eskolan eta bi elgetakoak gara", adierazi du Larrañagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak