Ludoteka astelehenetik aurrera zabalik

Irati Agirreazaldegi 2006ko azaroaren 3a

Ludoteka aurten berriz zabaltzeko erabakia hartu du Udalak. Astelehenean, azaroaren 6an, zabalduko dituzte kultura etxean egongo den ludotekako ateak eta apirilaren 27ra arte zabalik izatea da asmoa.

Astelehenetik barikura 16:00etatik 19:00etara egongo da irekita, eta begirale batek izango du umeekin aisialdi jarduerak egiteko ardura. Bi urtetik 12 urtera bitartekoendako izango da ludoteka. Iaz 37 umek eman zuten izena. Aurten, hasieran, begirale bakarra egingo bada ere, izena ematen duten umeak 20tik gora badira beste begirale bat ere hasiko da eurekin lanean. Besteak beste adin bakoitzerako egokiak diren jolasak, eskulanak egiteko materiala... izango dira ludotekan.

Eskolan jasotzeko aukera

Nahi dutenak ludotekara bertara joan ahal izango dira euren kabuz zein lagunduta. Baina umea eskolan jaso ezin duten gurasoei beste aukera bat eskainiko zaie: ludotekako zaintzaileak eskolan jasoko ditu umeak eta baita merienda eman ere.

Tarifak

Ludotekarako izena emateko banketxera jo eta udaletxeko kontuan sartu behar da dirua. Ondoren, agiria udaletxera eraman baino ez da egin behar. Seme edo alaba bakarra duenak hileko 16 euro ordaindu beharko ditu, 96 euro guztira; bi seme-alaba dituztenek ume bakoitzeko hilean 11 euro, 132 euro guztira; eta hiru seme-alaba izanez gero bederatzi euro ume bakoitzeko hilabetean, guztira 162 euro. Ordainketa bi zatitan edo guztia batera egin ahal izango da.

Gazte txokoa aurki

Bestalde, oraindik data zehazteke badago ere, gazte txokoa ere laster zabalduko dutela jakinarazi digute Udaletik. Asteburuetan egongo da irekita eta bertan 12 urtetik gorako gaztetxoek egin ahal izango dituzte jarduerak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak