Izan ere, Ozkarbik 288 bazkide ditu eta horretaz gain, erretiratuen elkarteko 178 bazkidek ere Ozkarbin dute lekua.
Urtebetez Udalarekin gai honen gainean tratuan jardun ostean, Ozkarbik hartu du erabakia: "Udalarekin nahi genuen tratua lortu ez dugunez, batzarrean gehiengoz erabaki da erretiratuen elkarteari eskatzea eurei dagokien zatia urte bukaerako gastuak kontuan hartuta", esan digu Gaizka Bolinaga Ozkarbiko presidenteak.
Orain dela pare bat urte galerak zeudela ikusita Ozkarbiko zuzendaritzak erabaki zuen hitzarmena egitea Udalarekin. Honela, Udalak hurrengo urteetan laguntza emango zien erretiratuei elkartea erabiltzeko. Izan ere, ordura arte urtean 1.500 euro ordaintzen zituzten erretiratuek.Era berean bazkideen kuotak ere bikoiztu egin zituzten.
Gastuen herena eskatu
Udalari eskatu beharreko zenbatekoa gastuen herena, 9.000 euro izatea adostu zuten. Udalak, ordea, beste herri batzuetako kasuak aztertuta irailean jakinarazi zion Ozkarbi elkarteari 6.000 euroko laguntza emango duela. "Beste herri batzuetan mantenuan zenbat gastatzen den aztertu dute baina kontuan hartu gabe beste herrietan erretiratuen elkarteak Udalaren lokaletan daudela. Elgetan elkartea baserritarren lokalean dago eta 15 urteko kontratua daukagu, beraz, errenta gastuak ordaindu behar dira, besteak beste", esan digu presidenteak.
Udaletik alkateak eta gizarte ongizate saileko zinegotziak esan digute Ozkarbiko elkarteko zuzendaritzaren erabakiaren berri izan ostean emango dutela honen gaineko euren iritzia. Erretiratuak ozkarbin nahi Erretiratuen elkarteko ordezkariek ere hartu dute parte Udalak eta Ozkarbik gaiaren gainean egindako batzarretan. Erretiratuen elkarteko presidente Zezilio Totorikaguenak esan digu eurek bitartekari lana baino ez dutela egin: "Erretiratuok gustura gaude Ozkarbi elkartean eta gure nahia bertan jarraitzea litzateke. Baina horretarako Ozkarbik eta Udalak elkarren arteko akordioa lortu behar dute. Izan ere, erretiratuon kutxan ez dago gastu horiei aurre egiteko adina diru".
Erretiratuen elkartearen kontuarekin zer gertatzen den ikusteko dagoen bitartean, Ozkarbiko zuzendaritzak beste kezka batzuek ere baditu; besteak beste azaroan sukaldea berritzekoak dira.