Zergak eta tasak 2007an %3 igotzeko proposamena egingo dute

Irati Agirreazaldegi 2006ko urr. 23a, 12:41

Eguaztenean, hilaren 18an, Hazienda, Pertsonal eta Zerbitzu batzordeko bilera izan zen udaletxean. Bertan besteak beste datorren urterako ordenantza fiskalen aldaketak izan zituzten eztabaidagai.

2007ko zergak eta tasak gaurkotzean batez beste %3ko igoera egitea proposatu zuten. Oraingoz proposamena baino ez da. Izan ere, udalbatzak onartu beharko ditu aldaketak.

Iaz baino gutxiago

Urtero egiten dute gora udal-zergek eta aurten ere horrela egitea da proposamena. Tasak eta Zergak gaurkotzean 2005eko irailetik aurtengo irailera bitartean KPIk izan duen igoera hartuko dute kontuan.

Beraz, tasak %2,5 igoko lirateke Elgetaren kasuan. Iaz igoera %3,7koa izan zela ikusita, aurtengo igoera txikiagoa dela esan genezake.

Udaleko zerbitzu guztietan ez da igoera bera aplikatuko. Batzuek igoera handiagoa izango dute, beste batzuek, aldiz, txikiagoa, eta egongo dira inolako aldaketarik izango ez duten zerga eta tasa gutxi batzuk ere.

Zabor bilketa tasa

Igoerarik handiena izango duen zerga zabor bilketari dagokiona da, %4,27 hain zuzen ere. Izan ere, Debagoieneko mankomunitatearekin finkatuta du Udalak tasa hau eta igoera zenbatekoa den ere mankomunitateak zehazten du.

Ondasun higiezinen gaineko zerga %3 igoko da. Foru Aldundiak %2ko igoera egiten du katastroko baloreetan eta KPIaren igoerarekin berdintzeko Udalak %1 gehitzea proposatu du.

Ibilgailuen zergaren igoera %3 igoko da. Lur sailen gaineko zergak %2,9 eta %3,6 artean igoko dira, zenbat urte dituzten arabera. Eta aktibitate ekonomikoen zergen igoera ere KPIaren parekoa izatea proposatu dute.

Hilerriko tasak daudenetan mantenduko dituzte iaz bi urterako adostu baitzituzten.

Kiroldegia

Zergen igoerak edukiko du eraginik kiroldegiko tarifetan ere. Oraingoz, urtea amaitu bitarteko tarifak zehaztuta daude. Baina berrikuntzak izan direnez, baliteke zergen igoera ere handiagoa izatea. Hala ere, Kiroletako batzordeak datorren martitzenean egingo du bilera eta bertan aztertuko dute gaia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak