Egoarbitza inguruko Udal lurren garbiketa zapatuan

Irati Agirreazaldegi 2006ko urriaren 20a

Zapaturako, urriaren 21erako, mendiak auzolanean garbitzeko hitzordua ipini du Udaleko Baserritarren Batzordeak.

Egoarbitza inguruan Udalak berak dituen lur sail batzuk garbitzea da helburua. Batez ere tontorrerako bidea garbituko dute, baita txabolaren inguruko sailak ere. Sail hauetan zuhaitz egunean umeek arbolak landatu izan dituzte eta sail horiek garbi mantentzea da asmoa. Horretarako sasiak eta belar txarrak kenduko dituzte besteak beste.

Egoarbitza inguruan Udalak dituen beste lur sail batzuk jadanik garbitu dituzte. Foru Aldundiko diru laguntza bati esker adituek egin dituzte lan horiek.

Zapatuko garbiketa lanetarako ezinbestekoa da herritarren laguntza. Beraz, lanerako gertu daudenak plazan agertu beharko dira 08:30ean, handik Egoarbitzara abiatzeko.

Udalak dauzkan tresnak ipiniko ditu boluntarioen eskura, baina etxean mendia garbitzeko aproposak diren tresnak dituenak ere eraman ditzake.

Garbiketan parte hartzen dutenendako hamaiketakoa egongo da Udalaren eskutik.

Mayarekin hurrengo domekan

Bestalde, Maya ingurumen taldeak ere antolatu du irteera mendi inguruetako zaborrak batzeko. Urriaren 29an, domekan, izango da hitzordua 09:00etan plazan. Asentzio eta Egoarbitza inguruak garbituko dituzte ume eta helduek elkarlanean. Iaz ere egin zuten zabor bilketa udazken hasieran eta besteak beste jaso nahi dituzte udan pilatutako zakarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak