Kanpoko taldeetan ziharduten batzuekin eta futbola gustuko dutenekin osatu dute taldea. Entrenatzailea ere badute eta taldea osatzeko jokalari bat edo beste falta zaien arren nahiko gustura daude taldekoak.
Oraingoz 21 lagun daude: 14 elgetarrak, bi Elgetan lan egiten dutenak eta gainontzekoak Bergarakoak: Beste talde batzuetan jokatutakoak, futbola utzita zutenak eta inoiz futbolean aritu gabeak daude.
Jokalariak dira taldearen sortzaile eta eurek dute guztiaren ardura.
Herritarren laguntza
Lehen denboraldirako helburu nagusia taldea finkatzea da. Baina espero dute azken postuetan ez amaitzea. Debagoieneko talde ugari egongo dira bigarren erregionalean eta Eibarren hiru talde daude. Talde gehienek beheko mailetan badituzte jokalariak eta talde gazteak izango dira. Horretaz gain, urteetako esperientzia dute. Irabazteko gogor entrenatu beharko dute, beraz.
Partidak Eibarren jokatuko dituzte, eta oraingoz Unben entrenatzen duten arren, ez da segurua non jarraituko duten. Euren esanetan, "ez da erraza izango Unbera jendea eramatea, baina badakigu batzuk behintzat animatuko direla".
Herritarren bestelako laguntza ere ezinbestekoa da: "Bazkidetza kanpaina, kiniela, kamisetak... egin ditugu. Enpresetara, tabernetara eta dendetara ere joan gara diru eske. Udaletik, berriz, erantzunaren zain gaude".