Otsailean eta martxoan barrena hainbat ekitaldi egin dituzte eta asanbladakoak gustura geratu dira. Hitzaldia bertan behera geratu bazen ere, umeen egunean eta pasa den asteburuko tailerretan gustura ibili ziren. Hanka-palo, txalaparta, malabare eta pandero tailerrak egin zituzten, hain zuzen ere.
Berbaldia
Orain arteko ekintzarik arrakastatsuena joan den barikuan egindako berbaldia izan zen. Bertan, hamar urteotan gaztetxearekin harremana izan duen jendeak hartu zuen parte batez ere. Elkartutako 30 lagunen artean gaztetxearen orainaz eta geroaz egin zuten berba.
Luze jo zuen berbaldiak; 22:00etatik goizaldeko ordu biak arte egon ziren anekdotak kontatzen, eztabaidan...
Bazkaria merkeago
Hamargarren urteurreneko ekitaldiak amaitzeko bihar, zapatua, egun osoko jaia egingo dute. Eguna trikipoteoarekin hasi eta herri bazkaria egingo dute gero. Antolatzaileen esanetan, aurten txartelak merkeago ipini dituzte hamargarren urteurrena izanik ahalik eta jende gehien elkartzea nahi dutelako.
Bazkariaren ostean ere ez da jai girorik faltako. Trikitixa doinuei bertsolarien kantuak gehituko zaizkie. Eguna amaitzeko musika izango da: The Uski's taldea zen etortzekoa baina azken unean ezin direla etorri azaldu dutenez, Trapatoni taldeak joko du; DJ Bull izango da ondoren.