Gernika Gogoratuz taldea, 1987an jaio zen, Gernika eta Alemaniaren arteko adiskidetzea bultzatzeko helburuarekin. Aste honetan, elkarteko kideek Alemania, Suitza, Hungaria eta Ingalaterrako 20 bat lagunen bisita izan dute. Elkarrekin Elgetara etorri dira. Bertan, Aranzadi elkartea 36ko gerran hildakoen gorpuak lurpetik ateratzeko lanetan dabiltza.
Javi Fernandez, Gernika Gogoratuz taldeko kideak azaldu du, "egiten dabiltzan lana oso garrantzitsua da, lagungarri delako oroimena berreskuratzeko. NIGEL generazio arteko elkarrizketaren europar sarearen bitartez, Euskal Herrian zer egiten ari diren erakutsi nahi izan diogu kanpotik etorritako jende honi".
Testigantzak zuzenean entzuteko aukera
Patxi Basauri alkateak egin die ongi etorria atzerritarrei. Europako herrialde ezberdinetatik etorri dira 36ko gerra bizi izandakoen eta haien ondorengoen testigantzak zuzenean entzutera. Hala, gerra bera eta historia, hobeto ulertzeko. Galdera asko izan dituzte: 36ko gerraren ondoren herritarren arteko harremana nolakoa zen, edota gorpuak berreskuratzeko erabakiak kontrako iritzirik piztu zuen, esaterako. Harrigarriena urtetako isiltasuna iruditu zaie.
Intxorta 1937 kultura taldeko Juan Ramon Garai ikuspegi historikoaz aritu zaie, eta hainbat lekukok euren bizipenak kontatu dizkie. Elorrioko Jose Kortabarriak 6 urte zituen gerra hasi zenean. Bere jaioterria utzi eta atzerrira joan behar izan zuen.
Espainiako gerraren lekuko izan zen Elgetan, Intxortaren magalean dagoen Antsutegi baserriko seme Bittor Garai ere. Francoren gizonek bere aita hil zutela kontatu du, baina urtetan ez zutela izan txintik ere esaterik. 7 lagun hil zituzten bere baserriaren bueltan, tartean aita. Bizilagun batek jaso eta Elgetako hilerrian lurperatu zuen hura, gainerako seiak baserri inguruan hobiratu zituzten. Guzti horren lekuko izan zen Bittor Garai; harrezkero, zirrara eragiten dio "gerra" hitza entzute hutsak.