Hiru milioi eta erditik gorako aurrekontua onartu dute Elgetan

A.G. 2006ko ots. 20a, 09:42
Eguenean onartu zuen Elgetako udalbatzak 2006. urteko aurrekontua. 3.622.799 eurokoa da, eta zatirik handiena inbertsioei zuzendutakoa da: 2.141.352 euro hain justu. EAJ-EAren aldeko botoekin eta Aralar taldeko kontrakoekin onartu zuten.

Iazko aurrekontua (5.441.962 euro) baino txikiagoa da aurtengoa. Horren arrazoia da, Patxi Basauri alkatearen esanetan, iaz egindako inbertsio handia, Pagatzako lanak, esaterako –4.063.622 euro bideratu zituzten inbertsioetarako–. Aurtengo inbertsioaren zatirik handiena hirigintzak eroan du, 1.463.559 euro, hain justu ere. Eta horren barruan partidarik handiena, Torrealdeko urbanizazio lanak egiteko izango da: 1.327.934 euro. Horrekin batera, irisgarritasun lanendako 30.993 euro aurreikusi dituzte, eta beste 18.000 Maalako parkea egokitzeko.

Beste inbertsio garrantzitsu bat kirolei dagokiena da. Izan ere, 490.000 euro inbertituko ditu Udalak pilotalekua berritzen. Partidarik txikiena, berriz, kulturarendako izan da, 31.060 euro, hain zuzen. Besteak beste, buruhandi berriak egingo dituzte, eta gaztelekurako eta Espaloirako altzariak erosiko dituzte esandako kopuru horrekin.

Aralarren ezezkoa

Aralarrek ezezkoa eman zien eguenean aurrekontuei, eta partidaz partida kontraproposamena ere egin zion udalbatzarrean bertan EAJ-EAren aurrekontu proposamenari. Izan ere, Aralarrek uste du "legealdiaren amaiera gerturatzen den honetan etorkizunera begirako zenbait proiekturen alde egin beharko lukeela Udalak". Hala, hainbat partida aurrekontuan jasotzea proposatu zuen. Besteak beste, Salbador kalea egokitzeko 200.000 euroko partida eta Agenda 21erako partida bikoiztea (18.000 euro). Gainera, aurrekontuetan "pisu gutxi" dutela eta derrigorrezkoa iruditzen zaie euskarazko ekintzei eta jubilatuen lokalari dagozkien partidak handitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak