Udal aurrekontuak: 3.619.025 euroko proposamena egin du EAJ-EAk

Irati Agirreazaldegi 2006ko urt. 20a, 19:08
Osoko bilkura egingo dute datorren urtarrilaren 31n Udalean. Bertan, besteak beste 2006ko Udal aurrekontua izango da berbetarako gai. EAJ-EAk 3.619.025 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du. Inbertsiorik handienak hirigintzan egingo dira.

EAJ-EA koalizioak 3.619.025,35 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du Udalean 2006 urterako. Urtarrilaren 31n egingo duten osoko bilkurak erabakiko da proposamen hori onartzen duten ala ez.

Aurreko bi urteetako aurrekontuekin alderatuz behera egin du aurtengoak. 2004koa 6.808.443 eurokoa izan zen eta iazkoa 5.443.502 eurokoa. Patxi Basauri alkateak esan digunez, “aurreko urteetan inbertsio handiak egin dira, Pagatzako lanak, esaterako, eta horrek ekarri du aurrekontuak ere altuagoak izatea”.

Inbertsio nagusiak

Aurten ere, Udal aurrekontuko diru kopuru handienak inbertsioetara bideratuko dituztela jakinarazi digu alkateak: guztira, 2.180.678,73 euro.

  • Baserritarrak: 85.082,66 euro
  • Kultura: 28.060 euro
  • Hirigintza: 1.457.559,68 euro
  • Zerbitzuak: 94.332,81 euro
  • Hezkuntza: 16.993,38 euro
  • Kirola: 498.650 euro

Inbertsio gehien hirigintzan egingo dira aurten: 1.457.559,68 euro, hain zuzen ere. Salbador kalearen amaieran, lantegi zaharrak dauden lekuan, etxeak egiteko asmoa dago, eta horren proiektua egiteko 13.200 euro aurreikusi dituzte; Torrealdeako urbanizazio lanetarako, berriz, 1.327.934,91 euro. Irisgarritasun lanetarako 30.993,28 euro izango dira. Lan horien artean daude Anai etxerantz joateko eskailerak konpontzea.

Baserritarren batzordetik inbertsioetara bideratuko den kopuru altuena Sesto gain eta Sagastitxu baserrietarako bideak konpontzeko izango da; 44.060 euro.

Hezkuntzako 15.877,93 euro eskolarako izango dira. Kirol batzordeko kopuru handiena, berriz, pilotalekua berritzeko erabiliko dute: 490.000 euro.

Kultura batzorderako izango da inbertsioetako diru kopuru txikiena. Espaloirako aulkiak eta gortinak erosteko izango dira batzorde honetako inbertsio handienak: 20.060 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak