Hiru baserri bide Udalarenak izatea eskatu dute

Irati Agirreazaldegi 2006ko urt. 13a, 15:52
Elgetako baserri bide gehienak Udalarenak badira ere, hiru Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku daude. Udalak eskaria egin dio Foru Aldundiari bide hauek Udalaren eskutara pasatzeko. Bestalde, baserri bideen erabilera arautzeko proposamena ere egitekotan dira.

Larragibel, Egoetxeaga eta Arantzeta Zeharra auzoetako bideak Gipuzkoako Foru Aldundiarenak dira gaur egun. Eurena da bideok modu egokian mantendu eta zaintzeko ardura ere. Udalak nahi du baserri bide hauen titularra bera izatea eta hori eskatu dio, hain zuzen ere, Aldundiari.

Bideen eskuduntza Udalari pasa aurretik, ordea, Foru Aldundiak berak konpondu egin behar lituzke. Baserri bideetan aglomeratua botako lukete, eta honela, gutxi gorabehera 15 urterako modu egokian mantenduko lirateke bideak. Udalaren asmoa da hitzarmena lehenbailehen egitea eta bideak ahalik eta denbora tarte laburrenean konpontzea.

Pinuak

Bestalde, pinudien jabeek pinuak ateratzen dituztenean, baserri bideak erabiltzeagatik, ordaindu ohi duten fidantza aldatzeko asmoa azaldu zuten azken Baserritarren batzordean. Kamioiak igarotzeagatik tasa bat ordaindu behar dute pinudien jabeek. 1990ean jarri zituzten zenbatekoak eta horren arabera kamioi bakoitzak kilometroko eta bidaiako sei euro ordaindu behar ditu.

Honetaz gain, beste horrenbesteko fidantza ordaintzea dagokie jabeei. Fidantza hau erabiliko litzateke kamioiek kalteak eraginez gero, (lurra bota eta arekak zikindu, bideak zulatu…) konponketak egiteko.

Ordenantzetan aldaketak

Kontuan hartuta batzutan fidantza hori ez dela nahikoa izaten kalteak konpontzeko Baserritarren batzordean proposatu dute gutxieneko kopuru bat zehaztea. Kopuru hori 600 eurokoa izatea da proposamena.

Hala ere, gai honen gaineko Udal ordenantza zaharra denez, gainbegiratu egin dute, baita beste herri batzuetakoak aztertu ere. Azterketaren ostean, erabaki dute aldaketak egitea eta hurrengo Baserritarren batzordean aurkeztea.

Iaz, esaterako, Udalak 82.503 euro gastatu zituen baserri bideak konpontzen; lanak oraindik amaitzeke daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak