Bide berriak, Elgetatik Kanpanzarrerako irteera lotzen du Elorriorantz doan bidearekin. Hala, hemendik aurrera, auto eta kamioi gutxiago sartuko dira herri barruraino.
Ekitaldia
Aurreskua egin ostean, Foru Aldundiko diputatu nagusiak, Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik moztu du zinta. Ondoren, Espaloia Kafe Antzokian jarraitu du ekitaldiak. Bertan izan dira, besteak beste, Batzar Nagusietako lehendakari Leire Ereño, eta errepideetako zuzendari Josu Agirrezabalaga.
Ahalegin berezia egin du Aldundiak
Joxe Juan Gonzalez de Txabarrik bere aldetik gogorarazi du, Foru Aldundia ahalegin berezia egiten dabilela azken urteotan Elgeta moduko herri txikietan. Hainbat proiektu dituzte martxan; horietako bat, saihesbidearen bigarren fasea. Gaur inauguratu dutenaren jarraipena izango dena.
Udal ordezkariak Pozik
Elgetako Alkate, Patxi Basauri, pozik azaldu da amaitu berri duten saihesbidearekin. Herriarendako onuragarria izango dela adierazi du.
Aralarren prentsa oharra
Saihesbidearen lehenengo fasea eginda, etorkizunerako bi erronka daudela azaldu du Elgetako Aralarrek:
1.- Salbador kalea oinezkoentzako egokitzea. "Orain Salbador kalea oinezkoentzat egokitu behar da eta kaleko hodiak berriztatu behar dira. Aralarrek ez luke nahi lan hauek Udal hauteskundeetarako zain gelditzerik, datorren urtean bertan hasi behar dira lanok 2007rako bukatzeko", diote oharrean.
2.- Saihesbideko bigarren fasea egitea. "Foru Aldundiko 2004ko aurrekontuak zirela eta adostutako akordioan jasotzen da, saihesbideko bigarren fasearen proiektua datorren urtean egingo dela. Behin proiektua egindakoan, aurrera eramatea izango da erronka. Aralarrek ahalegin guztia egingo du datorren legealdian Elorrio, Eibar eta Bergarako errepideak lotuko dituen saihesbidea egin dadin", gaineratu du Aralarrek.
Saihesbide berria
Gaur inauguratu duten saihesbideak, Gipuzkoa 2639 eta Gipuzkoa 2632 errepideak lotzen ditu. Hau da, Elgetatik Kanpanzarrerako irteera eta Elorriorantz doan bidea. Horretarako 23 metroko erradioa duen biribilgunea egin dute alde batean eta T formako beste lotura bat bestean. Bien artean, 250 metroko tartea dago.
Saihesbide berriaren luzera, berriz, guztira 411 metrokoa da. Foru Aldundiak 1.300.000 euro gastatu ditu lanak egiten.