Bolatoki taberna azaroan itxiko dute berriz errentan eman arte

Irati Agirreazaldegi 2005ko urr. 21a, 11:07
Egungo tabernariek azaroaren 16an utziko dute Bolatoki taberna. Ondoren, udalak baldintzak aztertuko ditu berriz errentan eman ahal izateko. Euren asmoa da berriz zabalik egotea kiroldegia berritzeko lanak amaitzen dituztenerako.

Kiroldegia eta pilotalekua berritzeko lanetan dihardute udatik; eta lanak besteak beste Bolatoki tabernan ere egiten ari dira.

Hori dela eta taberna errentan daukatenek hainbat eskari luzatu dizkiete Udal ordezkariei eta bete ezean azaroan taberna itxiko dutela jakinarazi digute. “Obrak hasi zirenetik oso egoera kaxkarrean ari gara lanean. Komunik eta berogailurik gabe gaude; tabernara sartzeko oztopoak daude eta gainera goiko jangela itxi digute. Horrek eragin du azken aldian jende gutxiago etortzea tabernara, eta horrela ezin dugu segi”, esan digute Bolatoki tabernakoek.

Udaletik, ordea, taberna azaroaren 16an itxiko dutela baieztatu digute. Ondoren aztertuko dute berriz errentan emateko zein baldintza ipini. “Aurreikusita dago martxorako kiroldegiko berritze lanak amaituta izatea; eta taberna aldekoak baliteke lehenago egitea. Beraz, ordurako taberna errentan emateko asmoa daukagu”, esan digu alkateak.

Berrikuntza gehiago

Bestalde, Patxi Basaurik esan digu, proiektukoez gain, beste berrikuntza batzuk ere egingo dituztela frontoian: frontisa eta kantxa zabaldu eta ezker pareta altueran altxatu egingo dute eta sarea kendu. “Horrela, pilotak ez du hainbeste aldiz sabaia joko eta jokoa ez du oztopatuko”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak