Omenaldia Hondarribiko arraunlariei

Irati Agirreazaldegi 2005ko urr. 14a, 10:55
Aurten Kontxako bandera sonatua eskuratu du Ama Guadalupekoa traineruak. Hondarribikoek Elgetako koadrila batekin duten harremana dela eta, datorren urriaren 22rako omenaldia antolatu dute; eta lehiarik ere ez da faltako egun honetan.

Orain dela urte batzuk Elgetako lagun koadrila batek Hondarribiko Arraun elkartera egin zuen bisita. “Instalazioak ikusi, traineruan ibili eta arraun giroa ezagutzeko aukera izan genuen; eta egun polita pasa genuen bertakoekin”, esan digu Josu De Vega koadrilako kideak. Gerora, hainbat estropada saiotan izan dira elgetarrak Hondarribiko trainerua animatzen.

Egun horretan ongi pasa zutela eta eskertzeko beharra ikusi zuten elgetarrek. Josu De Vegak esan digunez, “hain entzutetsua den Kontxako bandera irabazi zutenean, iruditu zitzaigun une egokia zela omenaldia eta eskerrak emateko ekitaldi xume bat egiteko; eta hala urriaren 22rako antolatu ditugu hainbat ekintza”.

Egitaraua

12:00 Hondarribiko arraunlariei eta zuzendaritzako kideei ohorezko aurreskua plazan.

Ondoren, udaletxean harrera eta oroigarriak ematea.

Gero, Soka-tira plazan eta bola-jokoa kiroldegian (Elgetarrak Hondarribiko arraunlarien kontra, baliteke Isuntzako arraunlariak ere etortzea).

Ondoren, poteoa

14:30 Intxorta elkartean bazkaria.

Goizean barrena, Espaloian Hondarribiko traineruak jokatutako estropaden irudiak ipiniko dituzte bideoan.

Datorren urtean berriz

Omenaldia antolatzen buru belarri dabilen Josu De Vegak esan digunez, “datorren urtean Hondarribira berriz joateko asmoa dugu, eta baliteke orduan elgetar gehiago ere animatzea. Merezi du traineruan ibiltzea eta hango giroa ezagutzea”.

Arraunlariak pozik

Hondarribiko arraunlariek pozik hartu dute elgetarren gonbitea. Mikel Orbañanos Hondarribiko entrenatzaile eta arraunlariak esan digunez, “ideia bitxia iruditu zitzaigun; baina era berean pozgarria Elgetako jendea gurekin gogoratzea. Harriduraz jaso genuen deia, baina oso gustura joango gara. Arraunlariak esperientzia berri hau bizitzeko gogotsu daudela esan didate. Elgetarrei eskerrak eman nahi nizkieke guztien partetik”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak