Jazzak profesional bikainak ditu talde amateurren artean ere

A.G. 2005eko urriaren 10a

Debajazz jaialdiaren bigarren aldiak lehiaketa egin du Elgetako Espaloian asteburuan. Lau parte-hartzaile izan dira. Irabazlea azaroaren 4an ezagutuko dugu. Talde bakoitzaren kronika Asteleheneko Goienkarian irakur dezakezu.

Errabal elkartearen ekimena da Debajazz. Bigarrenez antolatu dute eta aurten, berezitasuna, jazz talde amateurrendako antolatu duten lehiaketa izan da. Lau talde aukeratu zituzten, zapatu-domekan Espaloian jokatu den txapelketarako.

Musikene, Berklee eta Bartzelonako jazz eskoletako estiloak entzuteko aukera izan dugu. Musikariek erakutsi duten maila itzela izan da eta epai-mahaikideek ere ez dute lan makala izango irabazlea aukeratzen. Azaroaren 4an egingo dute sari banaketa, Espaloian, Bill Evanse Soulgrass Band datorrela aprobetxatuz.

Jendea gustura

Jazzak ez dauka jarraitzaile askorik, baina Debajazzera hurbildu den jende kopuruarekin, eta entzuleen zaletasun mailarekin, gustura geratu dira antolatzaileak. 15 minutuko piezen artean, txaloak behin baino gehiagotan entzun ziren. Erritmo aldaketen edo bakarlariaren lanaren amaieran izan ziren txaloak.

Donostiako El Eje Jazz Group boskoteak hasi zuen lehiaketa zapatuan. Melodiaz beteriko doinuak egin zituzten. Gaueko 11etan ekin zioten emanaldiari (iragarritakoa baino ordu erdi beranduago) eta ordubetez aritu ziren. Txanda hartu zieten High Groovin taldekoek. Hauek musika elaboratuagoa egiten dute, teknikoagoa, eta maila goi samar laga zuten.

Domeka arratsaldeko saioa Zafari Project taldeak hasi zuen. Erritmo handiz, girotu egin zuen Espaloia. Ordubete pasatxoko emanaldia egin zuten. Emanaldia Bartzelonako Karion hirukoak amaitu zuen. Oso bestelako musika egiten du hirukoak, lau taldeetatik ezberdinena izan zen, puruena-edo. Lau taldeek proposamen oso ezberdinak dira, horixe izan baitzen antolatzaileen asmoa. Bikaina aritu ziren lau taldeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak