«Itzultzaileak, idazlea lagun»: gaur amaiera ekitaldia

I.A. 2005eko urriaren 6a

Elgetan izan dira hiru egunetan. Espaloia Kafe Antzokian izan da bilkura eta Eguzkitzan egon dira gaua egiten. Itzultzaileak pozik joan dira eta gaur egingo dute amaiera ekitaldia, Gasteizen. Atzo, Euskadi Irratiak Espaloitik egin zuen arratsaldeko saioa, argazkian agertzen den moduan.

Iazko esperientzian oinarri hartuta, aurten ere literatur itzultzaileen lantegia antolatu du EIZIEk, euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko ahaleginari jarraiki.

Jokin Muñozen Hausturak liburuaren izen bereko narrazioa lau hizkuntzatara aldatuko dute aurten euskaratik (zubi-hizkuntzarik gabe):

  • Gabi Schwab-ek alemanera
  • Roberta Gozzi-k italierara
  • Daniel Luján-ek katalanera
  • Adam Zawiszewski-k polonierara

Elkarlanean jardungo dute parte hartzaileek lau egunez, idazlearen beraren laguntza izango baitute itzultzaileek zalantzak argitzeko, testuaren inguruko argibideak emateko, eta abar. Bestalde, bata bestearen hizkuntzaren eta kulturaren berezitasunak eta itzulpen prozesuan agertzen diren kontuak partekatzeko aukera izan dute.

Amaiera ekitaldia

Laugarren egunean, urriaren 6an, parte hartzaileak mahai-inguru batera bilduko dira, esperientziaren berri emateko. Ondoren, mintegian aukeratuko duten pasarte bat bost hizkuntzetan entzuteko parada izango dugu. Jende aurreko ekitaldi hori Gasteizko Montehermoso kulturunean izango da, arratseko 19:00etan.

Argitalpena

Lantegiaren emaitza Senez aldizkariaren zenbaki berezi batean biltzeko asmoa dago: narrazioaren itzulpenak, mintegian agertzen diren hausnarketak, mahai-ingurukoak...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak