«Itzultzaileak, idazlea lagun» itzulpen lantegia
Iazko esperientzian oinarri hartuta, aurten ere literatur itzultzaileen lantegia antolatu du EIZIEk, euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko ahaleginari jarraiki.
- Noiz: 2005eko urriaren 3tik 6ra
- Non: Elgetako (Gipuzkoa) Espaloia kafe-antzokian
Jokin Muñozen Hausturak liburuaren izen bereko narrazioa lau hizkuntzatara aldatuko dute aurten euskaratik (zubi-hizkuntzarik gabe):
- Gabi Schwab-ek alemanera
- Roberta Gozzi-k italierara
- Daniel Luján-ek katalanera
- Adam Zawiszewski-k polonierara
Elkarlanean jardungo dute parte hartzaileek lau egunez, idazlearen beraren laguntza izango baitute itzultzaileek zalantzak argitzeko, testuaren inguruko argibideak emateko, eta abar. Bestalde, bata bestearen hizkuntzaren eta kulturaren berezitasunak eta itzulpen prozesuan agertzen diren kontuak partekatzeko aukera izango dute.
Amaiera ekitaldia
Laugarren egunean, urriaren 6an, parte hartzaileak mahai-inguru batera bilduko dira, esperientziaren berri emateko. Ondoren, mintegian aukeratuko duten pasarte bat bost hizkuntzetan entzuteko parada izango dugu. Jende aurreko ekitaldi hori Gasteizko Montehermoso kulturunean izango da, arratseko 19:00ean.
Argitalpena
Lantegiaren emaitza Senez aldizkariaren zenbaki berezi batean biltzeko asmoa dugu: narrazioaren itzulpenak, mintegian agertzen diren hausnarketak, mahai-ingurukoak...
Informazioa EIZIE-ren webgunetik atera dugu.