Lan istripua salatzeko kale agerraldia

Asier Alkorta 2005ko ira. 26a, 20:43
Barikuan, San Roke kaleko etxe bat konpontzen ari zela andamiotik erori eta gizonezko bat hil zen. Lan istripu hau salatzeko CCOO eta UGT sindikatuek deituta bilkura izan da goizean Elgetako plazan.

Joan zen barikuko istripua San Roke kaleko 36 zenbakian. Teilatua konpontzen ari zela jausi eta 58 urteko gizonezkoa hil egin zen.

Istripua salatzeko bilkura deitu dute CCOO eta UGT sindikatuek gaurko, astelehena, herriko plazan.

CCOO

Istripuaren arrazoiak segurtasun neurririk eza eta lan merkatuaren egoera direla salatu du CCOO-ek: "Hildakoa autonomo zen itxura batean; baina lan merkatuaren egoerak bultzatuta azpikontratatuta lan egitera behartu zuten. Langilea arnes batekin eta lotuta egoteko soka bat izango balitu ez litzateke eroriko".

UGT

Arazo horiei aurre egiteko inbertsioak egin behar direla argi du UGT sindikatuak. Dagoeneko Gipuzkoan hamar lagunek galdu baitute bizia lanean ari zirela: "Lanerako prestakuntzan inbertitu behar da, ikuskatzaileak behar dira horrelako istripuak gerta ez daitezen; baita berrikuntza teknikoetan ere. Azken batean konturatzen gara egun erabiltzen ditugun metodoekin istripuak gertatzen direla".

Ezker Batua-Berdeak

Ezker Batua-Berdeak alderdiak bat egin du deialdiarekin, instituzioek izan beharreko konpromisoa azpimarratu du Mikel Aranak: "Euskal politikagintzan badirudi beste gauza batzuek lehentasuna dutela; baina argi dago guztiz egoera dramatikoa dela bizitza galtzea lan egitera joateagatik. Beraz, aldarrikatu nahi dugu siniestralitatearen aurkako neurriak egon behar direla instituzio guztien agendako lehen orrian. Guztiz ezinbestekoa da horrelako gertaerak gehiago ez gertatzea; eta horretarako plan bat behar da".

Martitzenean ere bilkura

CCOO eta UGT-k deitutako bilkura izan da gaurkoa. Gainontzekoek biharko, martitzena, deitu dute bilkura. Hitzordua 11:30ean da plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak