Irailaren 7tik 16ra bitartean izango dira Elgetan
Elgetako Udalean eskatu zuten filma grabatzeko baimena eta arazo barik eman zitzaien. Eskaeran zehazten denez, zortzi egunean filmatuko dute Elgetan, irailaren 7 eta 16a bitartean, hain zuzen. Data horretarako dena prest egon dadin, berriz, hasiak dira dekorazioa prestatzen.
Egunez zein gauez filmatuko dute, eta gehientsuena gauez. Efektu bereziak ere erabiliko dituzte; esaterako, egun euritsua egiteko makinak, arma tiroak...
Koldo Serra eta Iker Monfort
Getxoztarra da Serra eta lehenengo film luzea bada ere, sarituak izan dira haren hainbat film labur: El tren de la bruja, Sick of you... Iker Monfort izango da zuzendaria eta produktorea. Monfortek zuzenduko du dekorazio lana Iturri baserrian.
Aktore entzutetsuak
Ezaguna, oso ezaguna da Gary Oldman. Drakula, Beethoven, Harry Potter-ko Sirius Black... Eta ez dira atzean geratzen, hala ere, Virginie Ledoyen eta Aitana Sanchez-Gijon.
Filmaren nondik norakoa
Western erako film gogorra izango dela esan zuen Aitana Sanchez-Gijonek. Western modernoa izango da, nekazari eszenategian kokatua. Aste akabera bat kontatuko da filmean, 70eko hamarkadako uda bero bat, Euskal Herrian. Pertsonaia konfliktibo batzuk elkartu egingo dira, eta bat-batean zerbaitek eztanda egingo du. Hortik aurrera, pertsonaien arteko ehiza moduko bat biziko dute. Aste akabera idiliko bezala agertzen dena biziraupen tentso bilakatuko da. Amaieran pertsonen arteko ehiza ikusiko dugula esan zuten Donostian, ehiza biolentoa. Irailaren amaieran amaituko dute filma.
Julio Fernandezek filmaren zabalkunde internazionalaz berba egin zuen, baina buruan dute Donostiako Zinemaldian aurkeztea.