Espaloiko kideek urteko balorazio positiboa egin dute

Goiena 2005ko uzt. 21a, 12:40
Espaloia Kafe Antzokia zabaldu zutenetik urtebete pasatu da eta bertako arduradunek balorazio positiboa egin zuten, atzo, uztailak 20, egindako prentsaurrekoan. Bide batez, datorren denboraldirako antolatu dituzten hainbat ekitaldiren berri ere eman zuten.

Herriko eta ibarreko jendearekin konpartitu nahi izan dute Espaloikoek urtebeteko balantzea. Hasi berriak izanik, hainbat hanka sartze egin dituztela aitortu dute: "Horrelako proiektu batean berriak gara asko. Horrek eragin ditu hanka sartzeak; baina pozak gehiago izan dira eta hauek estali dituzte akatsak", esan du Iban Arantzabalek.

Artistak eta ikusleak

Artista asko eta onak pasa dira Espaloitik. "Gustura gaude artistei emandako tratutik jaso dugun erantzunarekin. Gainera, aretoa ongi egokituta dagoela esaten digute", diote antolatzaileek.

Ikusleei dagokienez, 13.000 eta 15.000 bitartean izan dira ordainpeko ekitaldiak ikustera joan direnak. "Danbakak gazte jendea ekarri du eta hainbat antzerkitan aretoa bete egin da". Umeek ere badute lekua Espaloian eta aurrerantzean ere hala izatea nahi dute. "Umeak etorkizuna izanik mimatu egin nahi genituzke. Eurendako txotxongiloak, ikastaroak... gertatuko ditugu eta zinema emanaldiekin ere jarraituko dugu".

Urtebetean kultura ekintzetan 75.000 euro inbertitu dituzte Espaloian; honetaz gain, Udalarekin zein beste zenbait talderekin elkarlanean antolatutako ekintzak daude. "Urtebetean 31.000 euroko zuloa egin dugu, baina tabernak eta jatetxeak ematen dituen etekinekin estaltzen joango gara pixkanaka".

Denboraldi berrirako ekintzak

Dagoeneko gertatzen dihardute datorren denboraldirako programazioa eta hainbat antzerkiren berri eman du Josu De Vega kultura taldeko kideak.

Irailean, Cocidito Madrileño antzezlan ezagunarekin hasiko du denboraldia Espaloiak. Bestalde, Espaloiak izen handiko Yllana teatro konpainia kontratatu du eta honek urrian 666 lana eskainiko du.

Azaroan, Zanguango taldearen Pan con pan antzerkia egongo da ikusgai; Max antzerki saria eskuratu duena. Pirineos Jazz Orquestaren emanaldia ere izango da azaroan.

Beste hainbat konpainiak antzerki lan arrakastatsuak berriz estreinatuko dituzte; eta horietako batzuk Elgetara ekarriko dituzte: Todo sobre Shakespeare, o casi abenduan.

Urtarrilean dantza ikuskizuna izango da Kukai eta Ttanttaka taldeen eskutik. Otsailean, Yllanakoak izango dira berriz Olymplaff lanarekin; eta martxoan Ttantakaren El florido pensil egongo da.

Apirilean, aurtengo arrakastaren ostean, berriz ere egin nahi dugu magia mostra. Eta azkenik, maiatzeko asteburuetarako, Udalarekin elkarlanean, kaleko ikuskizunak antolatu nahi ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak