Azoka Nagusiaren ostean pozik herritarren partehartzearekin

Irati Agirreazaldegi 2005ko uzt. 8a, 16:20
Azoka Nagusiko jaiak izan ziren joan zen asteburuan, eta jai batzordeak antolatutako ekitaldiez gozatzeko aukera izan zuten elgetarrek zein kanpotik bertara joandakoek. Antolatzaileak pozik azaldu dira emanaldiak ongi atera direlako.

Jaiak amaituta antolatutako gauza gehienak espero bezala joan direnez, pozik daudela esan digu Udaleko kultura teknikariak. Hala ere, badute pena bat jaiak ezin izan zituztelako uste bezain ongi amaitu. “Jaiak amaitzeko antzerki saioa genuen iragarrita baina euria zela eta bertan behera gelditu zen emanaldia. Eszenatokia plazan gertatzeko bost ordu behar izan zituzten eta ezinezkoa zen azken unean dena beste leku batera aldatzea”, esan digu Enrike Gorrotxategik.

Gainontzean dena ongi joan da, “nahiz eta azken urteetan bezala gauetan plazako dantzaldietan jende gutxi ibili”.

Jaiak ongi joan arren izan da ezbehar txikirik ere. Zezenetan zein herri jolasetan jausi eta zauriak izan dituzte bi herritarrek.

Zapatu eguerdiko giroa

Zerbait azpimarratzekotan zapatu eguerdian plaza inguruan egon zen giroa aipatu digu Enrikek. “Asto karrerarekin hasi eta arratsaldeko jokoetara bitartean jende asko elkartu zen plaza bueltan. 400 lagunendako gertatutako paella bukatu egin zen, nahiz eta batzuk errepikatu ere egin zuten; eta jokoetan herritar askok hartu zuen parte”.

Domekako azokak ere jende asko ekarri zuen Elgetara. “Aurtengoan urteurrena zenez, aurrez iragarri da azoka eta horrek jendea gerturatzea eragin du”.

Gaztetxekoak ere pozik

Jaietan gaztetxean ere egon da ekitaldirik. Kontzertuetara jende asko joan da, baita trikipoteora ere. Gaztetxekoak pozik azaldu dira jendearen erantzunarekin, “batez ere jende artean sortu den giro polita azpimarratuko genuke”, esan digute. Oraindik Jai Batzordeak ez du aurtengo jaien gaineko gorabeherak aztertzeko bilerarik egin, baina gauzak nola joan diren gainbegiratuko dute zer errepikatu daitekeen eta berriz zer ez egin erabakitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak